Peoi bat tablero zuri-beltzean
Xabi Borda
Lautik pilotari kolpe eman eta hor atera genuen sakea. Gero, pilota frontisetik nola irtengo geratu ginen begira: zer hots aterako larruak hormaren kontra jotzean, nolako altuera irabaziko, txokora zenbat baztertuko. Horra gure kezka, sake gaiztoa ateratzea lortuko ote dugu ala salduta geratuko gara erresto errazeko batekin.
Halere, jaso ditugun erantzunen eta heldu zaizkigun erreakzioen arabera, kirolez deskuidatu ote naizen susmoa dut. Frontoi baten beharrean, ez ote gauden xake taula baten gainean.
Aspaldi ohartu nintzen ni ere Euskal Herrian gurekin zaude edo eurekin zaude leloa dela beharbada subkontzientzietan gehien erroturikoa. Zaila dela besteek gu inongo multzotan sartu gabe bizitzea. Soka mehea da, nonbait, gure herriaren hau bere gainean ekilibristaren gisan ibiltzeko. Pieza zuri bat zara, ala beltza. Hauxe gure herri tableroa.
Bestalde, artistari edo dena-delako sortzaileari manikeismo merke horretatik ihes egitea dagokiola sinesten dut. Errealitatea beti baita zabalagoa eta harrapatzen gaitzagoa. Nola esan, ez hain zuri ez hain beltz, errealitatea beti da grisagoa. Nire iritzi herrenean, artistaren lanak ezin du aurrejuzkuen uretan igerian ibili. Margolariari eta idazleari, musikariari eta eskultoreari, aurreiritzietara bultzatzen gaituzten barne mekanismoak desmuntatzeko ahalegina eskatzen diot. Inozoa ni.
Horregatik harritu ninduen Jon Alonsoren artikuluaren harira egindako galderari Anjel Lertxundik euskal literatur sistemaren karietara Argian esandakoak: “Benetako debate baten premian gaude eta, Jon Alonsorenari ezer kendu gabe ere, nago ezker abertzalearen itzala dezentez ere luzeagoa dela –eta emankor sibilinoagoa– administrazioarena baino.”
Galderari izkin egiteko zaldi baten mugimendu bihurria erabili zuen euskal literaturaren jokoan dama edo dorre baten maila aspalditik ondo merezia duen idazleak. Baina zer ezkutatzen dit erantzun horrek? Zer diost Lertxundik, Jaurlaritza eta ezker abertzalea xakean jokatzen ari direla literaturaren tableroan ere?
Logika horretatik abiatuta, ondoren etorri den Utikan manifestua ezker abertzalearen beste mugimendu bat dela ulertu beharko da. Hau da, ezker abertzalearen esku sibilinoak bere pieza beltzak aurrera eraman dituela Jaurlaritzaren kontrako erasoan: alfilak diagonal nagusiak hartuz ipini dituela, zaldiak erdiko laukietan, eta peoi gazteak komeni den lekuetara bultzatu sakrifiziorako.
Seko utzi ninduen, ez bainuen espero maila horretako erreakziorik. Hiruko erregela sinplea da idazlearen iritzi politikoari erreparatuz, Euskadi Sariak auzitan jarriz argitaratutako artikuluak eta atzetik etorritako manifestuak (Anjel Lertxundik aipatu itzal horren barnekoak direla ulertuz), ezker abertzalearen halako estrategia ilun bati erantzuten diotela pentsatzea.
Eta ni, peoi moko alua, literaturaz ari ginelakoan.
Ondorio pobrea irudituagatik, isilik geratuko nintzen ez banio erantzunari amarru itxura hartuko. Ez dakit idazleak nahita edo nahi gabe, baina irakurlea juzku okerrera daramala iruditzen zait; irakurlea aurreiritzi jakin batzuetara atxiki nahi duela: “Ah! hori ezker abertzalekoa da, ez du literatura helburu. Horrek Jaurlaritzarekin haserrea nahi du!”
Ez naiz alferrikako lanean hasi Jon Alonso ezker abertzalekoa den edo ez ikertzen, manifestua sinatu behar genuenon iritzi politikoaz galdezka ibili ez nintzen bezalaxe. Ez zait axola. Akaso, sinatu ez dutenak jeltzaleak direla pentsatzen hasi beharko ote nuke?
Ez, ez da hori eztabaida gaia. Literaturaz ari ginen. Euskadi Sariez ari ginen. Eta horiek kudeatzeko maneraz. Ustezko irregulartasunez. Susmopeko erabakiez. Ezkutuko kuttunkeriez. Onargarria iruditzen zait norbaitek gure usteak ustelak, susmoak hutsak eta kuttunkeriak gezurrak direla esatea. Baina eztabaidaren koordenadak era horretan aldatzen saiatzea…
Gaztea naiz eta hemengo literatur sistemaren nondik norako guztiak ez ditut ondo ezagutzen. Baina erne ditut belarriak: airean zebilen zurrumurrua bildu du paperean Jon Alonsok. Ausardia erakutsi du. Eta adore horrek kautibatu egin nau. Zor nion babesa.
Zor nion babesa gure alde ere ari zelako. Gazte obragabeon alde. Inork ume zalapartari eta burubero ikusi nahi banau ere, begiak geroan ipiniak dituen gaztea naiz ni. Ez nuke etorkizunean zerbait lortzeko lanaz gaindiko merituen bila ibili nahi. Inoiz inon saritzen banaute, izan dadila testuak merezi duelako. Eta ez beste zerbaiten kariaz. Ez dut zurien edo beltzen menpeko pieza huts izan nahi, dama edo dorre bihurtzeko taularen beste muturreraino korrika doan peoi.
Eta sinatu nuena sinatuko dut berriz ere. Zenbait erreakzio ikusita, uste baino are beharrezkoagoa zen.