Gutun ageria idazle israeldar bati

Koldo Izagirre

Amos Oz miretsia:

Zure literatura miretsiko ez banu ere, idazle miresgarria izanen zinateke niretako, Europalde honetan Irak inbaditu aurretiko “Gerrari ez” pankarta haiek eskegiak zeuzkaten balkoietara behatu eta futbol talde baten banderolak ikusirik gerraondoko Irak espoliatu hau baitatorkit gogora…

“Ez naiz ohiko bakezale europarra, gaitzik handiena gerra dela uste duten horietakoa. Nire hiztegian gerra izugarria da, baina gaitzik handiena erasoa da”.

Kuraia behar da israeldarra izanda horrelakoak adierazteko Israelen, gatazkaroko literatura zintzoaren adibide bikaina ematen diguzu.

Erasotzailearen paradigma, europarrondako, alegia, ezkerreko europarrondako, Israel da, badakizu.

Ez, ez naiz onak eta gaiztoak bereizten ari, ez nauzu bakezale europar jakin ustekoa, filofaxistak izan edo laboristak izan politika bera ezartzen duten Israelgo gobernuen jokabidea ari naiz definitzen.

Bi eskubide sakonen arteko talka bezala aurkeztu izan duzu israeldarren eta palestinarren gatazka. Sinesten dizut, sinesten dut palestinarren lurralde berekiko israeldarren sakontasuna. Alabaina, lurrarekiko hori, egunerokoan, erasoa eta inperialismoa bihurtua da: ez da aste bete Barack Obama jaunak adierazi diola munduari, Estatu Batuetako lehendakaritzarako hautagai gertatu deneko, ez duela onartuko Jerusalem zatitzea, eta Iranen arrisku nuklearra errotik duela suntsituko.

Jerusalem alderdi bakarreko, fanatismoa garaile: begitantzen dut zure ikara, zure amorrua.

Arrisku nuklearra?

Noiztik dihardu Israelek bere arsenal atomikoa anizten?

Telebistan ikusi genuen…

Bere aberriak bonba atomikoa zeukala jakinarazteagatik bete behar izan zuen hamazazpi urteko kartzelaldia amaitu zuelarik, nazioarteko prentsa zeukan espetxe atean zain Mordechai Vanunu ingeniari israeldarrak.

Irten zen, hurreratu zen kameretara…

Ingelesez hitz egin zuen, ez omen zuen hitz egin nahi hebreeraz, ez omen zuen berriz hitz eginen hebreeraz.

Zer gertatzen da Israelen, Amos Oz miretsia, zuk eta beste hainbatek hebreeraz egiten duzuen literatura ederra eta zenbait apurrek garatzen saiatzen zareten pentsamendu kritikoa israeldar kultu batek osotasun jasanezin batean multzotzeko? Zerk eragin lezake bakezale batek hizkuntza eta erasoa identifikatzea? Zeren sinboloa izatera iritsi da hebreera?

Munta handiko kontuak dituzu hauek idazle euskaldunondako. Hizkuntza erasotukoak gara, eremu libre eta baketsu batean bizi nahi genuke. Inoiz erakargarria azaldu zitzaigun Israel, kibutzetara joan ginen, zuen kooperatibismoa ikertu genuen, hebreeraren mirariak liluratu gintuen. Hildako hizkuntza piztu egin litekeela jakiteak halako esperantza izpi bat eman zigun, geurea hiltzear bizi baita aspaldidanik. Hizkuntza, ordea, zertarako? Ukoa sortzeko?

Lurra gero eta estuagoa zaiela idatzi du Mahmud Darwishek bere poema eder horietako batean. Lurraren ezagoak ez dit palestinarren patu tristea bakarrik ekartzen akordura, zurekin ere oroitzen naiz, Amos Oz miretsia: lurra gero eta estuagoa egiten zaizu zure aberriak okupazio berri bat egiten duen aldiro.

Eta hala ere, idazle, kazetari, artista eta irakasle palestinarrek eskatuta, Israelgo irakaskuntza eta kultur arloari boikota egiteko deialdia sinatu dut.

Badakit zu eta zu bezalakoek jasaten duzuen itomena handitu besterik ez dudala eginen.

Badakit boikotak harremanak zailagotzeko arriskua daukala.

Badakit hitza inori ukatu ezin zaion eskubidea dela.

Eta hala ere, sinatu egin dut.

Ez diezaiozula inoiz hebreerari utzi: Israelek behar zaitu, Palestinak behar zaitu, Euskal Herriak behar zaitu.