Liburua, objektu sofistikatu hori

Aritz Galarraga

Jeff Bezos jaunak, Amazon.com liburu denda birtualaren sortzaileak, nahikoa argi du liburu tradizionala desagertuko dena: “egun gutxi geratzen zaizkie paperezko orriei, etorkizuna liburu digitalean dago”. Ez dut lerrootatik kontrakorik esango, badaezpada. Kontuan hartu behar dugu, hala ere, adierazpenok iazko urte amaieran egin zituela Bezosek, Amazon etxeak merkaturatu zuen Kindle liburu irakurgailu elektronikoaren aurkezpen egunean.

Bezosen hitzak egia badira, ordea, zergatik ez du dagoeneko liburu elektronikoak liburu tradizionala ordezkatu? Zergatik, oraindik orain eta bata bestearen atzean, merkatutik desagertu egin da liburu elektroniko oro? Zergatik jarraitzen dugu liburu tradizionala, hots, inprimatua, paperezkoa, koadernatua erosten?

Erantzunaren gako nagusietakoa Bezosek berak eman zuen, goikoak esan ondorenean: “objektu oso sofistikatuak dira liburuak eta hain ongi betetzen dute beren helburua ezen zaila baitzen horiek gainditzea”.

“Baitzen” aditzaren denborak jarri nau abian.

Rocket ebook eta Softbook izan ziren aitzindari, 1999 urrun hartan. Librius, Everybook, Glassbook, Bookeen Cybook, Myfriend eta gehiago etorri dira gerora, guztiak ere inork gutxik gogoratzen dituen liburu elektronikoak, guztiak ere kale egindako saiakerak. Guztiak ere 1999tik 2006ra gauzatu den liburu elektronikoen lehen faseko emaitzak.

Har dezagun, kasurako, liburu elektroniko aitzindarietako bat, Softbook izenekoa. Hauexek zituen ezaugarriak (“zituen” diot, egun eskuratzea eginkizun zaila baita): 19 x 23 zentimetroko tamaina, 1,3 kilogramo (segapoto baten halako bost), Acrobat Reader programaren bitartez irakurtzeko testuak eta 399 dolarreko prezioa, 256 euro ingurukoa.

Har dezagun, nahi izanez gero, gailu berriago bat, Cytale etxe frantziarrak sortutako Bookeen Cybook, adibidez. 26 x 21 zentimetro, kilogramo bateko pisua, 56 kb-eko modem integratua, 1.500 orrialde gordetzeko gaitasuna, dena 1070 euroren truke. To, merkea denik behintzat ezin esan.

Ia ezinezkoa da gaur, ez bakarrik aparailuok eskuratzea, baita horien gaineko informazio lortzea ere. Dagoeneko, interneteko domeinuak ere (www.rocketbook.com, www.librius.com…) ez dira existitzen.

Liburu tradizionalaren bertuteengatik bakarrik gertatu al da hori? Hain perfektua ote orain arte ezagutu dugun liburu moldea, liburu elektronikoa sortzeko saiakera bakoitza ezerezean uzteraino? Ez dut uste horrela izan denik.

Liburu elektronikoen herrenak ere aztertu behar dira.

Esperientziak erakusten digu saldu nahi den gauza oro beharrezkoa eta ordezkaezina balitz bezala aurkeztu behar zaiola balizko erosleari, nahiz eta askotan bi tasun horiek erabat egia ez izan. Publizitateak badaki zerbait horren inguruan. Eta, egia esan, egun, beharrezkotik eta ordezkaezinetik gutxi dute merkatuan aurki daitezkeen liburu elektronikoek.

Liburu elektronikoak, bistan da, testuak irakurtzeko gailuak dira, testu digitalizatuak, eta horrelako gutxi dago egun, testu gutxi sarean ere. Nahiz eta gero eta gehiago izan, jende gutxik du ezinbestekoa den ekipo informatikoa behar bezala erabiltzeko ezagutza nahikoa. Sarean aurki daitezkeen baliabide askok testu digitala inprimatzera behartzen dute irakurlea, nekeza, deserosoa baita pantailan egin beharreko irakurketa. Irakurketa hipertextuala, aukera interesgarri batzuk eskaintzen dituen arren, kaotikoa izan daiteke, aberastu baino nahas dezake zenbaitetan. Eta, beste ikuspuntu batetik, ez da argi ikusten nola gordeko diren testuak, ez eta nola sailkatu edo babestu behar diren ere. Ezaugarri horiek eta gehiagok egiten dute egungo liburu elektronikorik gabe lasai asko bizi ahal izatea.

Askoren ustetan, liburu tradizionala objektu ia perfektua da. “Jendea ohitua dago betiko liburuak irakurtzen”, “paperean irakurtzearen plazera ordezkaezina da”, sarritan entzuten dira horrelakoak: imajina daitekeen ezagutza guztia gordetzen dute beren orrietan, objektu eroso eta erabilgarriak dira oso, eta euro batzuen truke, edo musu truk, eskura daitezke berehalakoan.

Baina hain aldeko ez diren ezaugarriak ere badituzte orain arte ezagutu ditugun liburuek: enborra moztearekin hasi eta irakurlearengana iritsi arteko ibilbide luze eta garestia, komertzializazio bidean parte hartzen duten agenteen mozkinak (editore, banatzaile eta dendari), fisikoki hartzen duten espazioa (argitaletxeetan, banaketa biltegian eta garraioan, dendetan, liburutegietan, etxeko apaletan…), ale kopuruen finitutasuna (liburu bat ahitzen denean berrargitaratzeko egin beharreko inbertsio ez beti errentagarria), eta abar. Eta zirrikitu horietatik sartuko da, sartuko bada, liburu elektronikoa.

Zirrikituok baliatu nahi dituztenen artean, Amazon etxeak merkaturatu duen Kindle liburu irakurgailuak sortu du azkenaldian erreakzio gehien. 300 gramo, folio erdiko tamaina, 30 orduko autonomia eta 399 dolarreko prezioa (256 euro inguru), horratx Kindle honen ezaugarri batzuk. Horiek gehi 200 liburu gordetzeko gaitasuna, 90.000 tituluko eskaintzaren artean erosi beharrekoak (Amazon berarenak, noski). Klasiko asko dolar bakarrean eta garaikide ugari (Martin Amis, Haruki Murakami, Orhan Pamuk, Imre Kertesz, Toni Morrison, Michel Houellebecq, Cormac MacCarthy, Joyce Carol Oates, gutxi batzuk aipatzearren) 10 dolarretan, edo hortik behera.

Hori bai, ez saiatu Bernardo Atxaga edo Beñat Sarasolaren libururik aurkitzen, momentuz, gureak ez baitaude katalogo erraldoi horretan.

Irakurgarritasunari dagokionez ere saiakera berezia egin omen dute Kindlen asmatzaileek. Haien hitzetan, pantailan irakurtzea paperean egitea bezain erraza da, egiazko tintaren partikulak erabiltzeaz gain, pantailak argia paper arruntak bezala islatu eta ez baitu bestelako aparailu elektronikoen antzera distira egiten.

Baina hanka sartu dute gauza batean, aurretik bestek egin bezala: Kindlek erabiltzen duen teknologia Amazonen baitako enpresa batek sortua da, osoki, eta bertan irakur daitezkeen liburuak, hortaz, bateraezinak dira bestelako formatuekin. Hornitzaile bakarra ez da arazo bakarra, ordea: PDF edo Word formatuko dokumentu propioak sartzeko aukerarik ez du eskaintzen eta ohar pertsonalak gailutik kanpora ateratzeko biderik ere ez, bi adibide ematearren.

Sony etxearen Reader irakurgailuak ere nolabaiteko arrakasta izan du. Sonyk salmenta kopurua publiko egin ez badu ere, zenbaki handia izan dela imajina daiteke, gailuaren edizio berri bat merkaturatu baitzuten iazko urrian, aurrekoaren prezio berean (300 dolar, 191 euro inguru), baina funtzio berriekin. Erabiltzen duen teknologia berriak irakurketa atseginagoa bilatzen du, paper elektronikoa baliatuz, baina honek ere Sonyren Connect e Book dendarekin konektatzera behartzen du erabiltzailea, liburuak erosi nahi baditu. Klasiko asko bi dolarren truke eta garaikide ugari (Martin Amis, Haruki Murakami, Orhan Pamuk, Imre Kertesz, Toni Morrison, Michel Houellebecq, Cormac MacCarthy, Joyce Carol Oates, lehengo berberak aipatzearren) Kindlekoak baino dolar bat garestiago beti. Bestalde, PDFak, dokumentu pertsonalak, RSS jarioak, Jpeg irudiak edo Mp3 audio artxiboak maneiatzeko aukera ere ematen du Reader aparailuak.

Badirudi funtzionatuko duen liburu elektronikoak ezaugarri eta zerbitzu desberdinak atxiki beharko dituela bere baitan, testuen irakurgarritasuna bermatu, eta aparailuaren beraren eramangarritasuna nabarmen erraztu. Badirudi, momentuz, gailu elektronikoek paperezko liburua irakurtzen den bitartean sentitzen den irakurketa esperientzia erreproduzitu, kopiatu beharko dutela, arrakasta izango badute. Eta badirudi formatu ezagun ezberdinak erreproduzitzeko gaitasuna beharko duela izan (testu, irudi estatiko, bideo, musika), haririk gabeko komunikazio eta konexioa, geure memoriaren biltegi izan (agenda, PDA), eramangarria, irakurgarria, autonomiaduna izateaz gain. Horiek dira liburu elektronikoaren berehalako erronka posible batzuk.

Etorkizunean egun dispertsaturik dauden zerbitzuak eskainiko dituen gailu bat eta bakarra izan daitekeela pentsatzeak ez dirudi zientzia fikziozko ariketa: internet, telefonia, musika erreproduzitzailea, gps-a eta, zergatik ez, liburu irakurgailua izango dituen tramankulua.