Myles Joyceren bigarren urkamena
Oier Guillan
Ez dira hilabete asko pasa Irlandan egon nintzenetik. Dublinen lagun baten etxean ostatu hartu eta Belfastera ere joan ginen, ezinbestean, turismo politikoa egiteko xedea ezin ukaturik. Sinn Feinen dendan pegatina parea erosi, Bobby Sandsen poesia liburua, Picassoren Guernica jasotzen duen muralaren aurrean argazkia atera, Fidel eta Brigada Internazionalisten parean… Eta etxera gustura. Edo.
Zertan ari naizen nire burges ezkertiar mixeriak aireratzen, galdetuko du baten batek, arrazoi osoz. Zaude, ez baita turismo politikoarena kontraesan bakarra, ez eta xamurrena ere.
Turismo politikoari literatur turismoa gehitu diezaiokezu egun, kasik edonon. Pessoa Lisboan eta Lorca Granadan, “Rayuela”ko ibilbideak Parisen eta “Ulysses”ekoak Dublinen. Eta Samuel Beckett, eta Bernard Shaw, eta W.B. Yeats, eta Oscar Wilde… postalak, posterrak, kale kantoietako estatuak, kale kantoietako izendegiak. Urrun dago Where the streets have no name hura, apika. Haien liburuak irakurtzeko balioko balu bederen!
“Nor da hau?”.
“James Joyce jartzen du hemen”.
“A, ateraidazu argazkia”.
Klik. Ahazteko gordetzen ditugun gauzen kutxan, klik.
* * *
Orain gutxi Là egunkaria laguntzeko kanpainaren berri izan dut. Turisten moduan bizi ote dugu politika, eta literatura, kanpora joan gabe ere? Idatzia dagoela jakinik ahantzia izan dadin idazten ote dugu, idazten duguna? Idatzia dagoena inork irakurri ez dezan aukeratzen ote dugu bidea, esan nahi dugun, gogoratu nahi dugun hori esaterakoan?
Lagun batek aspaldi samar bidali zidan testu hauxe ekarri dit akordura gaelikozko egunkari bakarraren itolarriak:
Myles Joyceren urkamena
—James Joyce, 1907—
Europako ezein herritan baino krimen gutxiago egiten dira Irlandan. Ez dago krimengintza antolaturik Irlandan, eta kazetariek ironia beldurgarriz “odolezko idilioa” esaten dioten gertakari horietakoren bat daukagunean, herri osoa ikaratzen da.
Duela bost urte, errubako gizon bat, gaur libre dagoena, bortxazko lanetara kondenatu zuten publikoaren haserrea baretzeko eman zen sententzia batean. Baina krimenak berritu egin ziren bera presondegian egon zen bitartean.
Urte batzuk lehenago [1882] prozesu zirraragarri bat burutu zen Irlandan, neure deitura bera daraman familia bati egin zitzaion. Kontua Maamtrasna-n hasi zen, sortaldeko probintzietako eskualde isolatu batean [Connemara], non krimen izugarri bat egina baitzuten.
Hona gertatuak. Galwayko konderrian bizi ziren senar-emazte bat eta lau seme-alabetatik hiru hil zituen gizonezko talde batek, txibatoak zirelakoan. Herriko lau edo bost gizon atxilotu zituzten krimen honengatik, Joyce-tarren leinu zaharrekoak denak, eta tribunalaren aurrera eraman.
Haietako adinduena zen, Myles Joyce izeneko hirurogeita hamar urtekoa, susmagarri nagusia. Alabaina, garai hartan denek uste zuten errubakoa zela, eta gaur egun martirien artean daukate.
Ez gizon hark ez beste salatuek egiten zuten ingelesez. Tribunalak interprete baten zerbitzuak kontratatu behar izan zituen salatuen esanak ulertzeko. Itaunketa, interpretearen artekaritzaz, noiz komikoa, noiz tragikoa gertatu zen.
Interpretea, araukerien zale, tribunal aretoko bazter batean zegoen, eta beste bazterrean, itxuraz justiziaren zeremonial guztiak zurturik, zibilizazioaren leunkerietara oso ohitua ez zen antzinako leinu bateko patriarka zegoen.
Une batean, honela esan zion magistratuak interpreteari:
—Galde iezaiozu salatuari arrats hartan anderea ikusi zuen.
Egin zitzaion galdea irlanderaz agureari, eta azalpen konplikatu batean amildu zen, espantuka, beste salatuei zuzentzen zela eta zerua ahotan hartuz. Gero lasaitu egin zen, ahaleginak nekatuta.
Orduan interpreteak magistratuarengana egin zuen, esanez:
—Ezetz esan du, epaile jauna.
—Galde iezaiozu inguruan ote zebilen aipatutako orduan —magistratuak.
Agurea hizketan hasi zen ostera, bere burua justifikatzen, oihuka, bere onetik aterata ulertzen ez zuelako edo ulertzen ez ziotelako, koleraz eta izuz zotinka. Gero, isiltasunean babestu zen.
Eta berriro ere interpreteak:
—Ezetz esan du, epaile jauna.
Itaunketa amaitu zenean, tribunalak erabaki zuen frogatua zegoela agure dohakabearen errua. Epaia goragoko auzitegi batean trenkatu zen, eta honek urkatuak izatera kondenatu zituen bera eta beste bi.
Sententzia burutu behar zen egunean belauniko jarri zen jendetzak hartu zuen Galway presondegiaren aurreko plaza, Myles Joyceren arimaren aldeko otoitzak oihuka, irlanderaz [1882].
Diotenez, bera ere ez baitzen gauza biktimak uler zezakeen hitzik egiteko, bere onetik atera zen borreroa, eta kulata-kolpe bat eman zion agureari buruan, urka-bilurrean sar zedin.
* * *
Estatuak. Joyceren estatua isilik dago. Isilik daude haren hitzak, norbaitek irakurri ezean.
Ipar edo Hego Irlandan dagoela, ahoan zein zintzurrean euskararen berri duenak etengabe begiratzen ditu (bihotzaren patologia, hizkuntzaren turismoa) errepide bazterreko hizkuntza eta grafiak, autobuseko karteletakoak, museoetako sarreretakoak, arte erakusketetako diptikoetakoak… Irlandarheidaren arrastoen bila. Baina gaelikoaren mugak ez daude karteletan, kartelak irakurtzen dituztenen begietan baizik.
Orain aste gutxi ahoz aho, lerroz lerro ibili da Là egunkariari elkartasuna adierazteko deialdia. Nola ez dugu ba sinatuko, elkartasunean sinesten dugu oraindik! Baina… faltan omen dituen subentzioak ez ote ditu gobernu eratu berriak (ez) ematen? Ez dut sakonean ezagutzen ez dudanaz hitz egingo. Ausartegia, bidegabeegia litzateke. Hitz piloetan ispiluak aurkitzen ahal dira, baina. Ezin izan dut hitzen landa hura gogora ekarri izkiriaturik aurkitu ditudan beste hitz hauek gabe: “gure hizkuntzak kanposanturik ederrena izan dezan egiten dugu borroka”.
Belfasten liburu mordoa topatu genuen gaelikoz argitaratuta. Baita Harry Potter ere! Hau poza. Hori bai, itzulera billetea oparituko genukeen gaelikoa begietara baino ahora eramaten duen norbait ezagutzearren, zinez. Ez nadin bidegabea izan, ispiluak kristalezkoak dira etxean ere.
Landa aipatu dut eta, Joyce etorri zait burura berriz ere. Landatik landara, ideien urkamena. Egun ez dizkigute interpreteak jartzen, eskuak lotu eta mingainak ebakitzen dizkigute. Besteen keinuek hitz egin dezaten.
Urkatzen dituzte hiztunak, idazleak, haien historia idatziko ez dutenak, eta urkatzen dituzte hizkuntzak ere. Komunikabideek suizidioa izan dela esango dute eta behingoagatik egia izango da. Besteen esku uzten dugun suizidioa. Besteen esku uzten dugun hitzezko memoria. Baina hizkuntza gutxitu horietako batean egongo da idatzia berria, eta ez du inork irakurriko.
Abesturik topatu ditudan ene kantu horietako bat:
Zer geratuko da gerorako?
Leku izenak, agian,
ez besterik:
Ursouia, Itchasou, Irouleguy,
Aussurucq eta Tchoko Maitia…
Jendeak misterio aire batekin
ahoskatuko ditu leku izenok.
Mingain ebakien museo elebiduna agian, ez besterik.
Idazleren bat gogora ekartzen duen Estatua agian, ez besterik.