tenperatura
Irakurri edozein egile iparramerikarren liburuak eta ohartuko zarete: xehe-xehe esango digute zenbat ordaindu duten bigarren eskuko Cadillac gorria, zein duten soldata, zein moteleko gelaren prezioa. Amerikarregi ari naiz gaur ere? Tira, literatura errusiarrean ere berdina da hori: kopek konturik ez da inoiz falta izaten… Onar dezagun: hala ez balitz bezala jokatzen erakutsi digute, baina bizitzako termometroetako bat da dirua. Eta zenbatetan aipatzen da euskal literaturan tenperatura hori? Marka da gero! Hor ere dirurik ez? Errealitatean ez eta fikzioan ere ez? Zenbat aldiz agertu da euro hitza euskal nobelatan? Esango nuke gehiegitan ezetz. (Harkaitz Cano. Fikziozko dirua, Argia, 2008-02-24)