identifikazio politikoa
Sari batzuk jasotzeak onura ekar diezaioke sarituari eta, beste batzuetan, “larriki zauritua” izaten da omendua, mozkina baino gehiago kaltea dakarkiolako; emaileekiko identifikazio politikoak ibilbide koherente bati orban garbiezina ezarri dio maiz. Sari “pozoindua” jasotzen denetik pertsona hori beti izango da “ez-dakit-zein-sariren-jasotzailea”. Mesederik ez, alegia. Sariaren balioa arbitrarioa da, aldabera, garaian garaikoa eta, finean, estuki lotuta dago sariaren gainean dagoen pertzepzio sozialarekin. Pertzepzioa baina, aldatu egiten da: nondik begiratzen den, nork begiratzen duen eta nora begira jartzen den. Ez dago gune neutrorik. (Laura Mintegi. Sariak eta “mea culpa”, Gara, 2007-11-22)