Irakurtzea, edo ez

Jon Alonso

Literatura berezkoa da

Literatura berezkoa delakoa inoiz baino garbiago ikusten da inor aita edo ama denean. Hiru urtetik aurrera edo, hor nonbait, umeen literaturaren eskaera (ahozko literaturarena, bistan da) aseezina da.

Denborarekin, literatura idatziak, ala zineak, ala telebistak… asetuko du fikzioaren behar edo eskaera hori.

Ez dut aztertuko zerk beteko duen hobekien eskaera hori, ez eta zer egin beharko litzatekeen literatura idatzia gailen dadin lehia horretan. Beharra, eskaera berezkoa dela azpimarratu nahi dut.

Berezkoa da, jan nahi izatea bezain berezkoa, ia.

Irakurtzea ona al da?

Gutxik erantzungo du ezetz. “Irakurtzea ona da” lelo ezagun eta errepikatua zaigu. Eta mila bider errepikatzen diren esaldiak “egia” bihurtzen dira, nonbait. Baina ez halabeharrez, egia sentitua, egia beharrezkoa. Mila bider errepikatzen diren esaldiak topiko ere bihurtzen dira. Topikoak inork erabat sinesten ez dituen egiak dira, edo arrisku handia daukate horrela izateko.

Horregatik ongi dago zalantza egin dezagun.

Irakurtzea ez da ona

Ez da ona asimilatu ezinez, pedante, sasi-jakintsu, loro bihurtzen denarentzat.

Ez da ona eromenaren atarira eramaten duenarentzat.

Ez da ona itsu geratzen denarentzat.

Ez da ona irakurriz aspertzen denarentzat.

Kasu hauetan, eta hauetan ez ezik, beste batzuetan, irakurtzea ez da batere ona.

Zergatik tema hori, orduan, irakurtzea ona delako lelo horrekin?

Irakurtzea ez da zeregin baldintzagabea

Zer gertatuko litzaioke maratoia korritu nahi duenari, entrenatu gabe eta mendiko botak jantzita abiatuko balitz? Sekula aurretik libururik irakurri gabe, irakurketa-jarduna Thomas Mannen Mendi magikoa irakurtzetik hasiko lukeenari gertatuko litzaiokeenaren antzekoa.

Alegia, eta mundu honetan gauzarik harrigarrienak egiteko gauza den jendea badagoela onartuta, gehien-gehien-gehienetan, ez lituzkeela bukatuko, ez maratoia eta ez liburua, eta are, igual betiko gorrotatuko lukeela hala korrika egitea nola literatura. Igual, optimista izanda, hurrengorako zapatilla eta liburu egokiak erosiko lituzkeela.

Irakurtzea pertsonak egiten duen beste edozein jarduera bezalakoa da, eta hortaz, edozein jardueratan bezala, baldintzak, gorabeherak, indarrak, interesak, gogoak, motibazioak… zaindu behar dira.

Irakurtzeko “n” maila daude

Mutur batean, bada irakurketa-maila bat, zeinetan autoreak esaten duena “ulertzen”, “aditzen”, “gozatzen” saiatzen baikara. Testua “berreraikitzeko” ahaleginean ari garenean egiten dugun irakurketa da; alegia, autoreak testu horren bidez esan nahi ziguna, sentiarazi nahi ziguna, gugan sortu nahi zuena berriz osatu nahi dugunean egiten dugun irakurketa. Hau da, jatorrizko testuaren zentzua, orden hierarkikoa eta harremanak (testuarenak bere buruarekikoak) birsortzen ahalegintzen gara. Itzultzaileak izan litezke irakurtzeko modu honen paradigma.

Beste mutur batean, egiten ahal duguna kontrakoa da; hau da, testua berreraiki beharrean, “deseraiki” egiten dugu, esaten ez duena, edo itxuraz esaten ez duena, baina interpretazioaren arabera esan egiten duena nabarmendu nahi dugunean. Hauxe da, funtsean, “dekonstrukzioa” edo deitzen dena.

Bi mutur artean, irakurtzeko “n” modu daude; “n” infinitoa da, jakina, irakurle guztiak, egiazkoak eta potentzialak, biltzen dituelako, eta are gehiago, irakurle guzti horietako bakoitzaren irakurketa potentzial eta egiazko guztiak ere bai.

Irakurketa guztiak, funtsean, metafisikoak dira, irakurlea horren kontzientea izan edo ez.

Literatura eta filosofia

Literatura eta filosofia elkarren artean muga zabala duten lurraldeak dira. Eta filosofiak literaturaren lurraldean konterri zabal bat daukan bezala (hizkuntzaren filosofia), literatura ere jauregi eder batzuen eta beste hainbat ondasunen jabe da filosofiaren lurretan, bere lanabesak (narrazioa, metafora…) mailegatzen baitizkio, etengabe.

Batek susmatzen du han, ortzimugan, bat egiten ote duten edo.

Irakurtzea boterea da

“Idaztea, idazketa jaio zenetik, botere-jarduna da, gizaki batzuek beste gizaki batzuk menderatzearekin lotua; azken finean, honetan oinarritzen da: irakurle paranoidea nagusi dela irakurle inozoaren aurrean” (Enrique Lynch).

Edozein testutan zentzu-nahi bat dago, egia-nahi bat. Baina horixe, nahia besterik ez. Ezinezkoa baita zentzu bakar bat sortzea, eta zer esanik ez egia harrapatzea, zeinu-sistema inperfektu baten bidez (hizkuntza horixe baita).

Beraz, norbaitek gidatu behar gaitu letra-itsaso honetatik zehar; norbaitek babestu behar gaitu interpretazio okerretatik, eta bide onean ipini.

Sujeritzen zaigu, deus egiten ez delakoan, Derridaren azken asmoa dela adieraztea testu-jakintza guztia menderatzen duena bera dela, behiala sazerdote-kasta bat gauza sakratu guztien menderatzailea eta jagolea zen bezala.

Kendu Derrida, eta ipini kritiko, hizkuntzaren filosofo, unibertsitateko irakasle.

“XX. mendean ez da erraza gizon ondradu batentzat literatur kritikoa izatea”, idatzi zuen George Steinerrek.

Sazerdoteak, alegia. Apaizak. Ez dut ezkutatuko: gorroto ditut. Egun inork ez duela irakurri nahi izaten esan eta gero, erruak banatzen hasiko bagina, beroriei legokieke %90a. “Parnaso erresidualak biltzen dituzten erritu sakratuen sortzaileak, irakurle-oinezkoak intimidatzea beste helbururik ez dutenak”, Manuel Vazquez Montalban zenak La literatura en la construcción de la ciudad democrática saiakeran idatzita utzi zuen bezala.

Literaturaren sazerdoteen aurka

Vazquez Montalbanek berriro, lehen esandako saiakera berean: “Merkatuaren arauek eta publikoa zabaltzeak bere kanon propioak sortzen dituzte (…) tutore kulturalak, hurrenez hurren, desagertu egin dira: mezenasetik kritikora, eta gero eta gehiago egilearen eta irakurlearen arteko harreman zuzenera jotzen da; kanonen aniztasuna hain da handia ze alferrik da haien inbentarioa egitea (…) dagoeneko kritikaren asmoa ezin da izan, ezinezkoa baita, kanonak ezartzea (…) eta estatuek ere ez dute kanonik ezarri behar, zein literatura den historikoki beharrezkoa eta zein ez den finkatuz…”

Kritikariaren asmoa ezin izan, orain arte torlojuak fabrikatzen jardun duen burgesia bati, literaturara bideratu nahi dituen lau txakur txikiak nola gastatu behar dituen aholkatzetik bizi nahi duzula ez bada…

Irakurtzea boterearen aurkako jarduera ere izan daiteke

Beharbada garaia da pentsatzen hasteko baietz, oso ongi dagoela hizkuntzaren eta literaturaren filosofia guztia; baina hizkuntzaren filosofiaren oinarriak ere ez direla hutsezinak, eta ez direla bakarrak. Beharbada garaia da pentsatzen hasteko norbaitek idatzi egiten duela, eta (batzuetan) norbaitek irakurtzen/aditzen duela, eta hori dela guztia.

Hori sinetsiz gero, handik pixka batera nor bere kontura moldatzen hasiko da edo has daiteke letra-itsasoan.

Hortik aurrera subertsioa etor liteke.

Irakurtzea sortzailea da edo ez da deus

Zuk ematen didazu hitzez betetako artefaktu bat eta nik zentzu bat sortzen dut hitz pilaketa horrentzat: nik egiten dut liburua zuk bezainbeste, zuk baino areago agian, neronek ematen baitiot bizia ni gabe hilik zegoen hitz pilo horri.

Hala da, zinez.

Obraren interpretazioa beti dago obraren azpitik

Kontatzen dutenez, behin Schumann musikariak bere estudio zailenetako bat jo zuen, lehen aldiz, entzulego aukerako baten aurrean. Denak adituak izanagatik, bukatu eta gero horietako batek eskatu zion, arren, azal zezala estudio horren gakoa edo gakoak zertan zeuden. Orduan Schumann berriz jesarri, eta berriz jo zuen estudioa.

Anekdotak are pisu handiago hartzen du kontsideratzen badugu Schumann, interprete frustratu eta konposatzaile handi izateaz aparte, kritikaria ere bazela.

Jerga kritikoak, estrukturalisten, postestrukturalisten, metaestrukturalisten eta dekonstruktibisten arteko borrokek, eta unibertsitatean bezala komunikabideetan estetikaren teorikoei eta publizistei ematen zaien arretak, bizkorrago edo polikiago etorriko den dekadentzia baten haziak dakartzate. “Moda heriotzaren ama da” (Leopardi).

Irakurtzea librea da

Edo, Daniel Pennac-ek (Como una novela) esaten duen bezala, “idazteko askatasunaren ordaina ez da irakurri beharra”.

Egia da irakurtzeak humanizatu egiten gaituela. Baina ez da bide bakarra. Badira beste mila modu humano izateko, batere irakurri gabe. Bi pertsona ondorio eta barne-egoera berberetara irits daitezke, direnik eta goren mailakoenak izanik ere, oso prozedura ezberdinen bidez.

Bestalde, Pennac-ek esaten duen bezala, irakurtzea “behar moral” bihurtzen badugu, “behar moral” horrek berak eramango gaitu, ausaz, liburuen beren “morala” epaitzera.

Jende askok, gehienak beharbada, ez ohi du ezer jakin nahi horrelako moralismo kutsua daukan edozerekin. Eta ongi egiten du.

Libreki irakurtzea ez da ezeren berme

Nor bere kasa moldatzen hasten denean letra-itsasoan, subertsioa etor liteke, idatzi dugu lehenago. Baina ez bakarrik subertsioa, beste gauza batzuk ere etor litezke: errazkeria, afrusakeria, banalizazioa, kalitatearen gutxiestea…

Horrek berak ematen die ahotsa plaza honetan lehen aipatu ditudan sazerdoteei, kanon-ezarleei. Gorrotatuak izateagatik, itzuriezinak dira, norbera, aldez edo moldez, hala-nolako sazerdote bihurtzeko daukan arriskuaz aparte.

Ideala hauxe litzateke: irizpide sendo eta arrazoitu baten jabe izango ziren irakurleak, beren uneko interesen arabera behar duten irakurketa aurkitzeko gauza izango zirenak.

Baina hori horixe da, ideala.

Irakurtzea absurdua da

“Gertaeren edozein interpretazio, hizkuntzaren bidezkoa, gezurtia da” (Beckett).

Diotenez, 1937an, Beckettek 31 urte zituenean, eskale batek labanaz eraso eta zauritu zuen. Beckettek bisita egin zion erasotzaileari, kartzelan. Zergatik egin duzu? galdetu omen zion. Ez dakit, izan omen zen erantzuna.

Anekdota egiazkoa izan, guztiz estilizatua izan, Becketten asmo literarioen glosa bat dirudi.

“Esanahia hitzaren hilotza da”, esaten omen zuen Beckettek.

Hitza bizirik dago, beraz. Baina zer da hitza?

Gertaeren hizkuntzaren bidezko interpretazioak oro faltsuak badira, egia aurkitzeko irakurtzea absurdua da. Idaztea ere bai, noski. Egiaren atzetik, irakurri eta idatzi, besterik egin ez duten idazleek jakinarazi digute.

Hartara, bizitzea da absurdua; baina bizi behar dugunez, pasa ditzagun tarte batzuk irakurriz (ala ez; ala pilotan, kartetan, bidaietan…), bizitzea absurdu bihurtzen duen une goren horren zain.

Irakurtzea argazkiak begiratzea bezalakoa da

“Ideal literarioa da”, idatzi du Monterrosok, “eszenak finkatzea, denborak eragiten duen hondamenetik babesteko”.

Eta alde horretatik, irakurtzen dugularik, argazkiak ikusten ariko bagina bezala da. Argazkietan ikusten ez den hori guztia ikusteko asmoz, hain zuzen.

Ez dago irakurtzeko arrazoirik

Egiazko arrazoirik, arrazoi benetan pisuzkorik, norberaren gogoa edo borondatez haratago (eta aldi berean, badago hori baino arrazoi pisuzkoagorik?).

Saiakera laburren bilduma batean, Zergatik irakurri klasikoak? izenekoan, Italo Calvino, hasieran, klasiko bat zer den definitzen saiatzen da. Hamalau definizio-saio egin eta gero, klasiko bat zergatik irakurri behar den justifikatu nahi duenean, hauxe baino ez zaio bururatzen: “Klasikoak irakurtzea klasikoak ez irakurtzea baino hobe delako”.

Probokazio asmorik gabe egindako baieztapena da, irakurle itzela zen idazle batek egina. Zinez, zer gehiago esan dezakegu besteok?

Irakurtzea dibertigarria da

“Aizak”, esan dit lagun batek, hona arte idatzitakoa irakurri duenak, pixka bat haserre, “hik ez duk inoiz irakurtzen tarte goxo bat pasatzeko, dibertitzeko?”.

Joseph Conradek esaten zian –erantzun diot–, haur triste eta bakartia izan zela, eta irakurtzeko zaletasuna izan ez balu, erotzeraino aspertuko zatekeela…

“Ze Conrad eta ze Kristo! –oldartu zait–, “hitaz ari nauk, hitaz! Hi ez haiz sekula dibertitzen ala!?”.

Bai, esan diot. Batzuetan dibertitu egiten nauk (eta gero, xehetasunetan sartzeko bultzadak hartaratua); dibertitu baino, hunkitu (eta zalantza une baten ondoren, azalpenen bat gehiago eman behar dudalakoan); lapitzez azpimarratzen ez nabilenean.

Irakurtzea aberasgarria da

Errealitatearen gaineko beste ikuspegi bat eskaintzen ahal digulako, “errealitate” hori (pertsonala, soziala, psikologikoa, afektiboa…) edozein delarik ere.

Adibide arrunta eta agian gustu txarreko baten bidez saiatuko naiz. Aurten ikusi dugu Nafarroako Gobernua osatzeko prozesu luzea eta lotsagarria. Hilabeteetan zehar ikusi ahal izan ditugu, bata bestearen atzetik, ulertezina ulertarazteko mota guztietako analisiak, azalpenak, hipotesiak…

Nik honelako gauzak beste modu batez bizi ditut Leonardo Sciascia idazle siziliarraren obra ezagutzen dudanetik. Begira Il contesto nobelan idatzi zuen epilogoan zer dioen, justifikatzeko nobelako gertaerak ez direla Italian gertatzen, baizik eta alegiazko lurralde batean: “(…) lurralde imaginario bat, non ideologiak, politikan, izen hutsak baizik ez baitziren; botereak beretzat gordetzen dituen mozorro guztien jokoan, mozorro horietako bakoitzari ematen zaion izena (…) boterea munduan zer den, horren apologo bat izan nahi du nobelak, nola boterea hurrenez hurren endekatzen den, gutxi gorabehera mafiosoa dei dezakegun forma konkatenatu eta ulertezina hartzeraino”. Mafia ez dela film amerikarretan ikusten den bezalakoa, alegia (bidenabar esanda, euskal literaturaren barruan, oso modu sinplean –eta espero dezagun ez interesatuan– famatu dutenaren zeharo kontrara).

Nobela bi urtez gordeta eduki zuela aitortzen du azkenean: “dibertitzeko asmoz hasi nintzelako idazten, eta bukatu nuenean jada ez zitzaidalako dibertitua iruditzen”.

Ideia beldurgarria zait, politika gero eta beldurgarriagoa zaidan bezala. Baina aldi berean ideiak kontsolatzen nau, azaltzen zail egiten zaidan modu batez; agian izozmendiaren urpeko aldearen zenbatekoaren eta nolakoaren ideia ematen didalako, bakar-bakarrik.

Aberasgarria, kontsolagarria, beldurgarria, jakingarria… nahi den kalifikatiboa ipinita, baina beste ikuspegi bat.

Irakurtzea aberasgarria da (II)

Inork ez dezan esan beti politikan bukatzen dudala: “Bi urte zoragarri izango ziren; zuk nire ideia literarioaren puntu guztiak ezagutuko zenituzke, baita nik baino hobeki ezagutu ere, nirekiko harreman intimoak errebelatuko bailizuke noraino diren baliozkoak, edo hutsalak, nik neuk ezin dudan argitasun eta distantzia batez; eta zahar honentzat udaberriko brisaren laztana sentitzeko azken aukera izango litzateke. Bi urte zoragarri izango ziren; baina ez dakit prestatuta nagoen”.

Valdemaras Remondas idazle lituaniarraren gutunetako baten pasartea, bera baino hogeita bost urte gazteagoa den idazlegai bati egindako gutunaren zatia.

Beste ikuspegi bat.

Literatura eta hiri demokratikoa

Beharbada hobe nuke Vazquez Montalbanen La literatura en la construcción de la ciudad democrática orain arte birritan aipatuaren irakurketa gomendatu (ez dirudi inguruotan askok irakurri duenik), eta horrenbestez isiltzea. Gomendioa eginda dago.

Bere ondorio batzuk, neure moldean euskaraz ipiniak (ez literalak, beraz), eztabaidarako:

  1. literatura ez da bakarrik tradizioaren seme-alaba, are gutxiago tradizio nazionalaren;
  2. erreferente kanonikoak anitzak dira, are literaturatik kanpoko kodeetatik hartuak ere (zinea, komikia, kanta);
  3. kanonak ezartzeko orduan, komisario politiko, kulturalak, politiko-kulturalak eta kritikoak sobran daude;
  4. literaturak ez du gaur zertan bereganatu XIX. mendean eduki zuen funtzioa, gizarte-kontzientzia sortzearena;
  5. literaturaren behialako hegemonia beste errepresentazio modu batzuek bereganatu dute, eta berorien eragin pean dago egun;
  6. bere burua irreduktibletzat daukan eta bere baitan kiribilduta dagoen literaturak ere ezin diola ihes egin aipatu eragin horri;
  7. bere baitan kiribiltzeak anakronismora eta arkeologiara eraman dezakeela literatura; buka genezakeela literatura gozatzen Verdiren opera bat gozatzen dugun modu berean;
  8. idazlearen eta irakurlearen arteko harremana ustezko etena, hainbat idazlek pretenditzen duen bezala, espirituaren koketeria baizik ez dela, ez bada idazle horrek bere psikiatraren laguntzarekin idazten duela;
  9. idazlearen eta irakurlearen arteko konplizitatea elkarri egindako eskaera-katalogo baten arabera berreraiki behar dela;
  10. kanonen erlatibizatzearen ondorioz, kritikak obra bakoitza irakurtzen ikasi behar duela.

Geratzen al zaigu zer eginik? Asko? Gutxi?

Irakurtzea da…

…berezkoa, ona, txarra, baldintzatua, jardun mailakatua, metafisikoa, filosofikoa, boterea, subertsiboa, sortzailea, interpretaezina, librea, alienantea, absurdua, argazkiak begiratzea bezalakoa, justifikagaitza, dibertigarria, aberasgarria… eta beste mila gauza.

Humanook egiten dugun ia dena bezala.

“Irakurtzea ez da jasatea, baizik eta prest egotea gonbidatu bat hartzeko etxean, gaua abailtzen denean” (Steiner).