Aurpegia ematea
Koldo Izagirre
Lehen idatzi egin behar izaten genuen.
Gero idatzi eta hitz egin behar izan genuen.
Orain idatzi eta hitz egin ez ezik fotogenikoak izan behar dugu.
IrriƱo sarkastiko hauxe ez dago gaizki…. O, zeinen zatar kokospeko plegu hori, garai bateko apeza ematen du! Zenbat dituela esan duzu? Ez da posible, ilea tintatzen du horrek! Honek bai Brecht-en betaurrekoekin, honek zer edo zer ematen du. Ukabila maisailean, behakoa sakon itxurako… limurtu egin nahi ote gaitu beste hark?
Izan liteke arbuioz, izan liteke afinidadez, izan liteke liluraz, “zer edo zer” adierazten dion argazkia hautatuko du irakurleak. Argazkian hautagai bihurtzen gara idazleok: alderdi banako ageri gara, lehian, elkarren aurka geundekeen bozka-biltzaile samalda. Aurpegia emate publiko batean, baliteke.
* * *
Argazkiak lotura berezia egiten du idazlearen eta irakurleen artean, harreman personala bideratzen du: irakurleak kontuan hartu behar duena ez da testua, ez baitiogu irakurletasunik aitortzen, gu geu gauzka ikusgarri, eta ikusgarriak ordezkatzen du irakurtzekoa. Irakurlearen lehen manipulazio honetan, testuak ekar lezakeen gozamena ukatu eta epaile bihurtzen dugu. Aurpegiotatik aterako du zelakoak diren gure obrak, errudun eta zigorgarri garenetz edo (irakurria izateko) askatasuna emanen digunetz, gure begitartearen arabera sententziatuko da: ile harro horrek zabarkeria adieraz lezake, aste beteko bizarrak ez du beti erotismoa iradokitzen.
Mutur hauxe daukagu, halako fondoan ipini gara edo gaituzte, jantziok erabiltzen ditugu… Ikono bana gara, gure literaturaren errepresentazioa, nahitarat edo oharkabean. Non eta nola posatu behar du ordea idazle batek? Ba ote dakigu nolako eragina ukanen dugun bihar-etzi? Jatetetxe bejetarianoaren atean Julio Cortazar ikusi dut “hemen erre liteke” esaldiaren ondoan. Zigarroa ketan zen kronopio handiaren ezpainetan, jakina. Askatasun eremuak zabaltzen ditugu gure argazkiarekin, produktuaren kalitatea bermatzen dugu gure presentzia hutsaz. Publizitatea artea bihurtzeko ahalmena dauka gure azalak.
Ez fida esaten dizutenaz, beha iezadazu begietara.
Ez naizela sinesgarri?
Ez al naiz aski ziniko?
Ez ote naiz arrunta eta bestelakoa?
Irakurketaren atariko, erosketa proposatzen dugu; erosketaren egiteko, hautaketa: hala, Durangoko Azoka ez da, dira, gu adina demokratiko, gu adina plural, gure literaturaren hauteskunde orokorrak. Hautagaiak hantxe nabarmen liburuen gainetik masari beha, irakurlea erosletzeko azti, pluraltasunaren oinarriok. Eta salduenon zerrendak feria bitartean eta feria ondoan.
* * *
Mila hitz baino adierazgarriagoa denez, argazkia hizkeraren elipsi gorena dela ikasi dugu, literaturak eduki dezakeen etsairik gogorrena. Idazleok etsai, idazleok, argazkiz. Gure irudian ez da ageri geure lana, lanarekiko daukagun distantzia baizik (kopetilun edo barrez, ustetsua ala ezaxolatua, zimur bera da funtsean), hots, bat egiten dugu bisitariarekin, irakurlea ikusle bihurtzen dugu, hari so gu ere, magnifikatuak (hara, Susako estandean dagoen hori ez al da Elkarreko estandean daukaten argazki horretakoa? Saltzailea zela uste nuen…) eta aldi berean banalizatuak (beha iezadazu, zu lakoxea naiz, liburuak egitea aitzakia besterik ez da, tabernan identifika nazazun nago hemen, hitz egin genezake, idatzian bezain gozoagoa nauzu).
Geure aurpegia ematen dugu irakurgarri eta, honenbestez, merkatuaren legepean sartzen dugu sakratutzat omen daukaguna. Irakurri beharrik ez daukazu ona edo txarra den jakiteko. Ona da berez, neurea delako. Kartelera batean naukazu, zer beste frogarik? Markara bideratzen dugu irakurlea, erosle bihurtzen dugu, erosle zintzotua, jarraitzailea, jokalekua rockeko izarrek beste hartua daukagun idazle irudituok.
* * *
Aspaldi samar Luis Haranburu Altunak Zeruko Argia-n gure eguneroko mitoei buruz egin zituen artikulu polit haiek gogoan, eta udak Ahurtin ematen zituen semiologo literaturzale berezi haren Mythologies argitaraturik berrogeita hamar urte direla-eta inoiz gaindoro lardaskatua arta handixeagoarekin berrirakurrian kendu diodan artikulu hau zirriborratuz gure klasikoen eta modernoen ikonografia etorri zait akordura… Abade sarda bat, kinkel amatatua dirudien boneta barregarria ere bai batzuek buruan, eta Lizardi piparik gabe. Pipaz pipatzen baitzuen Emeterio Arresek bezala, baina honen argazki ezagun bakarra ere arrunta da, ez-literarioa. Eta hau larria da guztiz, bere poemarik ederrenetakoetan baitago Ke-belarra, hona hemen zer aitortzen digun: Nahien den eraz / maita det beraz / hatson darion belarra / honen bidez hain / barru det orain / idarokizko txingarra. Bai, hala da, idarokizko txingarra irensten dugu kearekin, “inspiratu” egiten gara… eta gure poetak piparik gabe eta krabata lepoan, berdin Lizardi, Orixe, Mirande edo Aresti! Bagenuen Arestiren argazki bat eskuan zigarroa zeukala, baina zenbait argitalpenetan, ez da iazko kontua, ezabatu egin diote zigarroa. Ez dakit utzi dion, Haranburu Altunak erre egiten zuen. Ez dut uste ordea haren argazkirik daukagunik aurpegia hodei literarioaren erdian, nola da posible Sorbonne-n edo ikasketak eginda itzuli zenean “Paristik datorren artista bat naiz ni” txantxetako seriotasunean esaten omen zuenaren irudia ez izatea artistikoagoa, paristarragoa? Saizarbitoria maiz ikusten genuen pipa irazekitzen, non galdu da gure nobela heldutasunean sartuko zukeen argazkia? Itxaro Bordak pipa-tabakoa erretzen du paperean, baina ez naiz oroitzen ikusirik inguruan hedatzen duen lurrin gozoan lausotua argazki “ofizialetan”. Euskal idazlea beti zintzo, beti behar bezalako, politikoki xuxen, baita avant la page ere publiko ez erretze honetan…
Noizbait, zorionez, pipa hortzetan duela azaldu zaigu Xabier Etxaniz Rojo Berria-n daukan atalean, Simenon-en antzera, anti-posea den pose ironikoan: “hemen irakur liteke” dioen ate bat zabalduko baligu bezala.