“Egileek egile-eskubideak
jasoko dituzte
liburutegietako maileguen truke”
Oier Guillan
Ekainaren 14an jarri zen martxan Ley de la Lectura, del Libro y de las Bibliotecas delako lege berria Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta CEDROk zabaldu duen informazioaren arabera berak izango du, idazle bazkideen artean behintzat, lege hori kudeatzeko ardura (Liburutegietako maileguen inguruko kanona da lege honen ondorio nagusietako bat, ez bakarra ordea).
Informazioaren titulua irakurri eta segituan baztertzeko zorian izan nintzen, hainbatetan egin izan dudan bezala horrelako berrien aurrean, hain suertatzen baitzaizkit arrotzak, atzemanezinak, tankera honetako datuak eta albisteak.
Zergatik hori?
Congreso de los Diputados edo CEDRO hamaika aldiz entzunak izanagatik ere funtsean ezezagunak zaizkidalako, lehenik. Bigarrenik, hain nago ohituta ustez literaturarekin edo orohar kulturarekin zerikusia duten erabaki “handien” berri (ekonomikoki “handien”) bizi dudan egunerokotasunaren eta errealitatearen aldean beste planeta batekoak bailiran jasotzen, hain da txikia nire iritziaren pisua, eta bide batez aitor dezadan, hain da txikia halaber boterearen hariak darabiltzatenek hartzen dituzten erabaki burokratikoek niregan pizten duten interesa, berriaren irakurketa arretatsua gauzatzeko aukera baztertzeko zorian izan nintzela.
Hala eta guztiz ere, berrian sakontzeko proba egitea deliberatu nuen, esperimentu gisa nahi baduzue, berez baditu-eta interesa pizteko moduko elementuak: Espainian erabakitako lege honek, noski, eragina izango omen du gure eguraldiaren mapa erdibitzen duten zenbait erkidegoren kudeaketan. Gainera lehen begiratuan irakurlearengan ere eragina izan lezake, edo liburutegietan modu zuzenean, eta zeharka berriz irakurleengan. Edo agian ez? Albistearen lerro arteak deszifratzen saiatzeari ekin nion, edonola ere.
Tankera honetako berriak irakurtzean, sarritan bezala, alde bakarreko informazioa izan dut oinarri, Interneten kausitutako iruzkin bakan batzuen salbuespenarekin.
“Autoreek ordainsaria jasoko dute liburutegi, museo, artxibategi, fonoteka, filmoteka eta antzeko guneetan egindako maileguen truke”.
Dei nazazue inuzentea, agian arrazoia izango baituzue, baina hona niri burura etortzen zaizkidan galderak: autoreari iritsiko omen zaizkion apur moduko horien zati bat bidean geldituko dela pentsatzen dut, CEDROren esku kasu honetan… horren inguruko daturik eskaintzen al da? Erdizka, zera aipatzen baita informazio berean:
“Ordainsaria 20 zentimokoa izango da mailegura bideratzen den lanaren ale bakoitzeko”.
Aipatzen ez dena, noski, zera da, bitartekariek operazio berean jasoko duten portzentaia, eta are gutxiago espainiar gobernua den enpresa erraldoi horren kudeaketan suposatu dezakeena.
“Ordainketa hauek liburutegien buru diren instituzioen esku egongo omen da (…) 5.000 biztanle baino gutxiagoko herriek ez dute arau hau bete beharko”.
Dei iezadazue leloa, agian arrazoia izango baituzue, baina niri lerro horiek irakurrita galdera hauek etortzen zaizkit burura:
Ez ote du, lehenik eta behin, liburutegi eta enparauen jarduna baldintzatuko, batez ere liburu berriak eta azpiegiturak hobetzeaz mintzo garela? Erantzuna informazio iturri berak eskaintzen dit aurrerago, badaezpada txosten osoan aditz moldea aldatuz lehenbizikoz:
“Maileguen truke egileei emandako ordainsariak EZ LUKE eraginik izan behar adkisizio berriei eskainitako aurrekontuetan”.
Aditzaren aldaketak susmoa baino gehiago pizten dit niri.
Dei iezadazue idealista, agian arrazoia izango baituzue, baina niri horrelako gogoetak etortzen zaizkit burura:
Hasteko, horrelako erabakiak urrun deritzon planeta batean hartzen direla, idazlearen eguneroko errealitatetik urrun, Euskal Herrikoaren errealitatetik urrun bai, kasu askotan. Horrelako erabakiak sarritan, gehienetan ausartuko nintzateke esaten, oharkabean pasatzen dira, eta horrela ez bada behintzat, interes handirik piztu gabe, edo are larriagoa dena, eztabaidarik sortu gabe. Zaila da neurtzen 20 zentimoko hazi horrek noraino edo nondik (zein kopurutatik) eginen duen bidea, zaila da bestelako erakundeek neurri horrekin jasotzen ahal dituzten onuren datuak erdiesten, noraino heltzen den onuren banaketa. Hortaz, zergatik galdu denbora?
Euskal Herrian tankera horretako erabakiak hartzeko eta kudeatzeko aukera balego, ezberdina litzateke?
Hori aldarrikatu baino, edo aldarrikatzearekin batera, ez ote litzateke sistema beraren inguruko eztabaida sortu behar, tankera horretako erabakiek (eguneroko arrazoiarentzat horren atzemanezinak diren horiek) bultzatzen dituzten interesek, baloreek eta ideologiek onurarik ekartzen ote dioten literaturari, kulturari, adibidez?
Horrelako neurriek ez ote dute literatura, bere adar guztietan, merkatuaren pisu nabarmenaz gain, enpresa neurgailuen arabera guztiz funtzionatzera kondenatzen?
Horrelako neurriekin ez al dago eremu publikoa pribatizatzeko joera oinarrian, ideia progresistez mozorrotua? (Urrun joan gabe, PSOEk “dituen” zenbait udaletan egin den kulturetxeen pribatizazioa datorkit burura…)
Zer bultzatzen du tankera honetako neurri batek? Idazlearen eguneroko jarduna erraztea? Baita kultura txiki batean ere? Ez ote du bitartekariaren eguneroko jarduna errazten batez ere?
Hain garrantzitsua bada idazlearentzat neurri hau, zergatik ez eman liburutegi sare osoari idazleen kontu korrontea, dirua zuzenean sar dezaten?
Dei iezadazue inozoa, bai, nahi baduzue.
Idazlea ere langilea den neurrian haren eskubideak aldarrikatzeko lan egin behar da, are gehiago diru publikoaz mintzo garela, posible den neurrian idazleak zilegitzat jotzen dituen erakundeen eskutik. Baina ez dut uste bere eskubideen alde borrokatzen duen ezein langilek sistemaren oinarrian dauden baloreak aldatzeko nahiari uko egiten dionik. Ibiltzeko besterik balio ez duen utopia izanik ere.
Dei iezadazue utopiazalea, hortaz, agian arrazoia izango duzue.
Ni gaur gaurko albisteak ulertzen saiatu nahian ibilia naiz, besterik ez.