Euskadi sarietatik sexuen rolera
(eta rolen banaketara)
Euskadi Sarietan 184 epai-aulki egon dira 1997-2006 aroan, 46 aulki sail bakoitzeko (Ikus Euskadi Sarien historiala). Sexuaren arabera, honela bete dira aulkiak:
Baina 184 aulki horietan 124 pertsona jarri dira, epaile batzuk behin baino gehiagotan hurbildu direlako urteroko lau mahaietara (Ikus Mahaiko aulkiak).
Sexuaren arabera, honela banatu dira epaileak:
Esan liteke, beraz, epaileen sexuaren araberako proportzio berean bete direla aulkiak, oreka egon dela batez beste maiztasunean edo leku metaketan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan.
1. Sexuen banaketa epaimahaietan
Epaileak Euskadi sarietako sailetan sexuaren arabera
Honako kopurutan dauzkagu gizon-emakumezkoak sailek eduki dituzten 46na epai-aulkietan, alegia, sexuen araberako okupazioa (maiztasunak edo metaketak barne) honakoa izan da:
Adierazia dugun bezala, pertsona batzuk behin baino gehiagotan egon dira epaimahaietan, baina bere presentziarekin sexu bat edo bestea ordezkatzen zutenez aldiro, pertsona desberdinak balira bezala kontabilizatu ditugu. Irakurlea ez aspertzearren taularik eskainiko ez badugu ere, esaten ahal dugu maiztasuna edo epai-leku metaketa, berdintsu gertatu dela sail guztietan.
Helduen literatura euskaraz
Helduen literaturako epaimahaietan ageri den proportzioa ote da, gure literaturaren barruan dagoen emakumezkoen presentzia?
Alegia, Euskadi Sarietako euskarazko helduen literatura sailean epaimahaiko emakumezkoetan ageri den %36’96 hori ote da idazletzak gure artean daukan feminizatze-tasa, soziologoen hizkeran esanda?
Saia gaitezen datu batzuk biltzen.
Zentzurik zehatzenean bere burua idazletzat daukatenen kopuruaren berri jakiteko, Euskal Idazle Elkarteko bazkide zerrendara jo dugu, EIEaren beraren webera. Hauxe aurkitu dugu:
Kopuru hauetatik, besterik gabe, ateratzen duguna da %17’70ko garrantzia daukan multzo batek epai-aulkien %36’96a bete duela.
Ez dirudi datu bakarretik halako ondorioak ateratzea zilegi denik, edo ez zaigu halakorik iruditzen literaturaren munduan gabiltzanoi: gure ustea da emakumezkoaren presentzia handiagoa dela literaturan, hitzaren zentzu zabalean, %17’70 hori baino. Ustea, bai.
Hortxe dago gakoa, gizonezkoon ustean eta idazletza eta literatura hitzen adiera zabalean.
Ikus dezagun 2005-2006 azken bi urteotako ekoizpena helduen literatura publikatzen duten gure argitaletxe nagusietan, sortzailearen sexuaren arabera.
Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela, Susa eta Txalaparta argitaletxeak hartu ditugu kontuan, genero guztiak batuta, 2005-2006 urteetan:
Zeharbideko datua
Pamiela, Susa eta Txalaparta dira azken bi urteotan emakumezkoek sorturiko liburu gutxien argitaratu duten editorialak. Pamiela eta Susa izan dira murritzenak, %9’10 eta %11’76rekin, batez bestekoa baino nabarmen beherago.
Datuen interpretazioan aurrera
Emakumezkoek helduen literaturan 2005-2006 bitartean argitaratu dutena (%18’28) ia bete-betean dagokio idazle emakumezkoen kopuru ofizialari, EIE elkartean alta emandakoen kopuruari alegia (%17’70).
Epaimahaietan ordea, %36’96ko presentzia dute sail horretan, ia hogei puntuz egiten dute gorantz ordezkaritza mailan.
Nondik ote dator hori?
Kritikariak, irakasleak…
Taula nagusian emana dugu, helduen literaturaren epaimahaietan 17 aldiz azaldu dela emakumezkoa epaimahaian. Baina 17 leku horiek 13 epailek bete dituzte. Eta 13 horien idazletasunari edo sortzailetasunari erreparatuta, hauxe ageri zaigu:
Kritikariak, irakasleak… gutxiengoa dira beraz. Baina horietan gertatzen da, hain zuzen, maiztasuna edo metaketa, alegia, epaimahaiko behin baino gehiagotan egon direnak ez direla izan idazleak, baizik eta sorkuntzaren agente aktiboak ez diren beste horiek: bat 2 aldiz eta beste bat 4 aldiz jarri zen epai-aulkian.
Honela, idazletzaren edo sorkuntzaren ordezkaritza murriztu egiten zaigu:
Kontuan harturik helduen literaturan epaimahaietan emakumezkoen presentzia %36’96koa dela, portzentaia orokorraren barruan nolako garrantzia duen idazleak jakin behar genuke, 10 sarietako 46 aulkietan zenbat aldiz jarri diren dakigunez.
Esan liteke aski parekatua dela idazleen eta kritikari, irakasleen… presentzia emakumezkoen artean helduen literaturako epai-mahaian, oro har. Are gehiago, kritikari eta irakasleak errepikapen edo metaketei esker iritsi dira idazleei bi punturen aldea kentzera. Aldi berean emakumezkoek oro har daukaten presentzia handitzera ere bai, eta honenbestez gizonezkoekiko aldea murriztera. Geroago ikusiko dugun bezala, joera hori orokorra da, eta ez da gertatzen idazleek eduki lezaketen gehiengoa berdintzeko, idazleak gutxiengoa direnean ere hala gertatzen baita.
Arestian esana dugu emakumezkoek helduen literaturan 2005-2006 bitartean argitaratu dutena %18’28 izan dela, eta ia bete-betean dagokiola idazle emakumezkoen kopuru ofizialari, EIE elkartean alta emandakoen kopuruari alegia (%17’70). Bada, datu horiek alderatzen baldin baditugu idazle horiek, sortzaile horiek (%18) daukaten presentziarekin Euskadi Sarietako helduen literaturan (%17’40), behar luketena edo dagokiena betetzen dela ikusten dugu.
Alabaina, kritikari, irakasle… izendatu ditugun horien presentzia –idazleen bestekoa– zein irizpideren arabera ezartzen ote da? Irakaskuntza, kritikagintza… mundu horien osotasuna ordezkatzen dute nolabait, ala eremu horretan daudekeen sektore edo joera desberdinak, hala nola fakultateak eta institutuak, edo dialektikoak eta psikologistak? Bururatzen zaizkigun irizpide posibleen artean, ordea, ez dugu aurkitzen guztien presentzia argitzen duenik.
Apparatchik
Kritikari, irakasle horien presentzia nondik datorren edo zergatik gertatzen den jakin nahiak, beste baterako utziko ditugun hipotesietan murgilduko gintuzke. Besteak beste, sail honetan bakarrik eta emakumezkoetan bakarrik gertatzen den fenomenoa ote dugun aztertu behar genukeelako lehenik. Sail honetako berezitazuna ez dela, berehala ikusiko dugu.
Baina datua horixe da: apparatchik multzo baten presentzia.
Haur eta Gazte literatura
Alde gutxi kentzen diete gizonezkoek emakumezkoei, esan liteke ia erdi bana egiten dituztela epaimahaiko lanak sail honetan, emakumezkoek %47’82a osatzen dutenez.
Hori ote da esparru honetan, haur eta gazte literaturgintzan dagoen feminizatze-tasa?
Ikus dezagun idazletza zertan dagoen.
Iturria: ISBN
Haur eta Gazte literatura sorkuntza (2005-2006) sexuaren arabera
Alegia, emakumezkoek gutxiago publikatu dute haur eta gazte literaturan (%16’35 azken bi urteotako batez bestea), helduen literaturan baino (%18’28 batez bestea tarte berean).
Nola esplikatu emakumezkoek horren gutxi ekoiztea tradizionalki presentzia handia eduki duten alorrean, alegia, haur eta gaztetxoen artean?
Hipotesia
Lan merkatuan, dudarik gabe, gehiago dira idazle gizonezkoak. Baina horrek bakarrik ez du esplikatzen emakumezkoen ekoizpen urria, helduen literaturan baino urriagoa.
Haur eta gazte literatura, askotan, argitaletxeen barne-ekoizpena da, eta argitaletxe handietan lan egiten duten idazleetan emakumezko gutxi dago, ISBNeko eta argitaletxeen katalogoetako datuei erreparatuz gero. Sorkuntzazko ekoizpenean soldatapeko idazle gehienak gizonezkoak dira.
Gogoeta
Hala ere, argitaletxeek ez dute betetzen ahal, beren barne-ekoizpen hutsarekin, haur eta gazteen merkatuaren premia: 2005ean 85 liburu sortu ziren haur eta gazteentzako euskaraz, eta 293 argitaratu; 2006an 69 liburu sortu ziren, eta 232 argitaratu (Iturria: ISBN, Publicaciones infantiles en general). Esan liteke haur eta gazte literaturan argitaratzen dugunaren %60a itzulpena dela.
Badago, beraz, lan esparru handi bat emakumezkoentzat ere haur eta gazte literatura delako horretan: argitaratzen diren itzulpen batzuk ikusita behintzat, ez lukete asko nekatu behar antzekoak sortzeko. Eta, aurreko esaldiari gurasokeria kutsua kentzearren, esan dezagun, ahoan legarrik gabe, haur eta gazte literaturan produktu eskas antzekoak argitaratu ez ezik sortu ere egiten ditugula, eta ez direla izaten, oro har, emakumezkoen lanak. Bai, badator, noski, betiko galdera amorragarria: emakumezkoak idazle hobeak direlako, ala gutxiago direlako? Eta are amorragarriagoa erantzun-galdera: gehiengoa balira, gizonezkoek sortzen dutena baino kalitate eskasagokoa sortuko lukete ala?
Datuen interpretazioan aurrera
Haur eta Gazte literaturako epai-mahaietan emakumezkoek daukaten presentzia ez dator emakumezko autoreen ordezkaritza batetik. Helduen literaturaren kasuan ez bezala, badirudi egileak, sortzaileak uzkur daudela epaimahairako (gizonezkoetan ere gertatzen da), Haur eta Gazte literaturan ageri diren epaileetan emakumezkoak ia %48a izan arren idazleak gutxiengoa direnez: 17 epaimahaiko emakumezkoetatik 7 dira liburu bat baino gehiago publikatutakoak, liburu bakarra publikaturikoa 1 (Iturria: ISBN).
Kontuan harturik Haur eta Gazte literatura sarien epaimahaietan emakumezkoen presentzia %47’82koa dela, portzentaia orokorraren barruan nolako garrantzia duen idazleak jakin behar genuke, hots, zenbateko presentzia daukan idazleak, zenbat aldiz jarri den epaimahaian:
Idazle emakumezkoek kritikari, irakasle… apparatchik horiei utzi diete beraiena baino handiagoa den lekua: idazle bakarra jarri da bi aldiz epaile. Baieztapen honen beste froga bat dauka irakurleak maiztasunetan (ikus Mahaiko aulkiak), han ageri diren tauletan bi emakumezko dauzkagu 3 eta 4 aldiz epaimahaiko Haur eta Gazte sailean, eta bietatik bat ere ez da idazlea.
Azken bi urteotan publikatu dutenaren arabera (%16’35), idazle emakumezkoek dagokiena edo eskubide luketena baino presentzia handiagoa daukate, 3 puntu gora, Haur eta Gazte literaturako epaimahaietan.
Hala ere irakasleek, kritikariek… osatzen dute emakumezkoen presentziaren zati nagusia sail honetan, horri esker daukate gizonezkoen ia pareko presentzia (%47’82). Idazleak baino ia bederatzi puntu gorago daude irakasleak, kritikariak…
Bideko mugarrian jarrita: Nomenklatura?
Euskadi Sarietan gure literaturak dauzkan sorkuntzazko sail bietan, apparatchik multzo bana daukagu, batean nabarmenago bestean baino, emakumezkoetan. Azterketa honetan daturik eman ez dugun arren, gizonezkoetan ere halatsu da. Gure literaturaren sistemaren funtzionariak dira, nolabait, eta funtzionari horietan, noski, burokratak ere edukiko ditugu. Ez dugu uste, hala ere, kritikari, irakasle… horiek bakarrik osatzen ahal dutenik Nomenklatura bat.
Alabaina, Nomenklaturaren ezaugarri nagusienetakoa baldin bada stablishment-a kritikatzen duen oro suntsitzailetzat hartzea lehenik, eta ondoren menostea, eta Utikan Euskadi Sariak manifestuan “parametroak” jartzen direnez zalantzan, hots, stablishmenta, manifestu horrek sortu dituen erreakzio deskalifikatzaileak (ikus Hiztegia) gure literaturak Nomenklatura bat daukalako froga ote dira? Eta bakarrak ez diren arren, horren parte ote dira Euskadi Sarietako epaimahaietan dabiltzan apparatchik batzuk bederen?
Gogoeta
Baina emakumezko idazleek bakarrik utzi ote diete lekua apparatchikei?
Ez ote da susmagarria horrelako parekotasuna?
Eta zergatik gizonezkoekiko parekotasun orokor hori Haur eta Gazte literaturaren sailean eta ez besteetan?
Zenbateko garrantzia ote dauka honetan haurren eta gaztetxoen heziketa, oro har, emakumezkoen kontua dela erabaki izanak, gizarteak rol hori eman izanak emakumezkoari irakaskuntzan? Horretatik etorri ote da gizonezkoen kontzesioa, gaztetxoen eta zer esanik ez haurren literaturarekikoa, –sorketa eta ekoizpena ez beste ia guztia– emakumezkoen esku uztea?
Eta helduen literaturan nobelak daukan kanonizazioaren antzeko zerbait ez ote dauka helduen literaturak haur eta gazte literaturarekiko, alegia, aitorpen sozial urrikoa deritzola, ez duela prestigio handirik ematen, bigarren mailakotzat daukala…?
Itzulpena
Sail honetan dauka emakumezkoak presentziarik murritzena (%28’26), batez bestekotik bederatzi puntu beherago (%37’50).
Datu bitxi gisa, 2003ko Sarietan ez zen emakumezko bakar bat egon Itzulpenaren sailean epaimahaian: ez da inoiz halakorik gertatu beste sailetan.
Itzulpengintzan dagoen lan banaketaren isla ote dira datuok?
1996-2005 bitartean (Euskadi Sariak 1997-2006) itzulitako helduen literatura 81 itzultzaileren lana izan da (Iturria: ISBN / Argitaletxeen katalogoak).
Itzultzaile horiek honela banatzen dira sexuaren arabera:
Alegia, ordezkapenik murritzena eduki arren, sail horretako lan-errealitatean daukaten presentzia baino (%21) zazpi puntu gorago (%28’26) daude emakumezkoak epaimahaietan, ordezkapen murritzena izanagatik.
1996-2005 bitartean (Euskadi Sariak 1997-2006) itzulitako helduen literaturak 161 liburu suposatu zituen. Liburuok honela banatzen dira itzultzailearen sexuaren arabera:
Harrigarri orekatua da itzultzaileen sexuaren banaketaren eta lan banaketaren arteko proportzioa.
Helduen literaturan itzulitako 161 liburuek 81 itzultzaile behar izan baldin badituzte, argi dago itzultzaile batzuek liburu bat baino gehiago itzuli dutela, eta badirudi bi multzoetan antzeko metaketa egon dela proportzionalki.
Baina datu absolutuetan, besterik gertatzen da:
Gizonezkoek lan gehiago metatzen dute, kontratu gehiago lortzen dituztela esan genezake, baldin eta itzulpen guztiak ordaindu egiten badira, eta duin ordaindu, alegia, kontratu izena merezi badute.
Benetako kontratuak: Literatura Unibertsala bilduma
Euskadi Sarien aro honetan (azken hamar urte honetan), 70 izan dira Literatura Unibertsala izeneko bildumak plazaratu dituen liburuak, Ibaizabal eta Alberdania-Elkar zigiluen bitartez. Bildumako 70 liburuok 43 itzultzailek egin dituzte:
Gizonezkoek itzulpenean duten nagusigo orokorreko kopuru berdinak hemen ere.
Bildumako 70 liburuok honela banatzen dira itzultzailearen sexuaren arabera:
Berriro ere, korrespondentzia zehatza itzultzaileen sexuaren banaketaren eta lan banaketaren artean, erlatiboki.
Baina, itzulpengintzan orokorrean gertatzen den bezala gertatzen da Literatura Unibertsala bildumako itzulpenean, 70 liburu 43 pertsonak itzultzeko, batzuek liburu bat baino gehiago itzuli beharko zuten noski, eta honako lan-metaketa egin behar izan dute, kopuru absolutuetan:
Gizonezkoek lan gehiago metatzen dute, kontratu gehiago lortzen dituzte.
10 gizonezkoren artean banatzen dira 32 liburu itzultzeko kontratuak.
32 liburu itzultzeko kontratuak 27 emakumezkoren artean banatzen dira.
10 emakumezkok ez lukete 15 liburu itzultzeko kontratuak besterik lortuko.
Eta bilduma honetakoak, bai, kontratuak direla esan genezake, duin ordaindutako lana.
Lana atomizatuagoa dago emakumezkoen artean, gizonezkoen artean baino.
Hipotesia
Gizonezkoen lan-metatze handiago horren zergatia izan liteke, besteak beste, editorialarekiko harremana edo atxikimendua. Itzulpena, haur eta gazte literatura bezala, proiektu editorialari lotua egoten da maiz, gehienetan ez esateagatik. Igela, adibidez, atzerriko helduen literatura euskaratzeari emana dago, horixe du lan-esparrua. Ez da harritzekoa, beraz, itzulpen gehien egin dituzten gizonezkoetako bat argitaletxe horretako sortzaile eta arduradunetarikoa izatea. Adibide gehiago daude, ez da kasu isolatua, nabarmenena baldin bada ere.
Emakumezkoen letretaratzea, gurean, berria da. Urteetan, bi edo hiru emakume izen baino ez genituen aipatzen ahal gure literaturan. Orain aniztu egin dira. Baina emakumezkoa multzoan letretaratu denerako, argitaletxeak sortuak zeuden aspaldi samar. Lekuak hartuak zeuden, nolabait esatearren. Harremanak, eginak.
Argitaletxeen emakumezkoekiko edo emakumezkoen argitaletxeekiko urruntasun egitural horrek badaukala zerikusirik, uste dugu, itzultzaile emakumezkoen lan erritmoarekin, alegia, produktibitatearekin.
2. Sexuen banaketa epaimahaiburuetan
Euskadi Sarien hamar urte honetan (1997-2006) lau sail errepikatu dira urtero eta, beraz, 40 epaimahaiburu eduki ditugu, edo 40 aldiz bete behar izan da postu hori, hobeto esateko.
Aro honetako 40 presidentziak 33 pertsonak bete dituzte, eta honela banatzen dira sexuaren arabera:
Gogora ditzagun, ikuspegia zabaltzeko, hasieran eman ditugun epaimahaietan ibilitako emakumezkoen datuak:
Begi bistakoa da: epaimahaietan oro har daukan presentziaren arabera legokiokeena baino ia 13 puntuz beherago dago emakumezkoa epaimahaiburuetan.
Murrizte hau are nabarmenagoa da gizonezkoen epaimahaiburuetan gertatu ez den hauxe kontuan hartzen baldin badugu: epaimahaiburuan egon diren emakumezko bi, Soledad Puertolas eta Josefina R. Aldecoa, ez dira agente eragileak Euskal Herriko letren munduetan. Horiek gabe, emakumezkoen presentzia ez litzateke %20ra iritsiko epaimahaiburuetan.
Gure letrei dagokienez, beraz, epaimahaikoetan daukan presentziaren arabera, emakumezkoak 17 puntuko galera dauka –galera, murrizketa, bazterketa…– epaimahaiburuetan.
Epaimahaiburuan ere postu-metaketa daukagu, 40 presidentziak 33 pertsonak bete dituztenez.
Postu metaketa sexuaren arabera:
Maiztasunaren edo metaketaren banaketa oso modu desberdinean gertatzen da sexu bakoitzaren barruan: 3 gizonezkoek 2na aldiz hartu dute presidentzia; 2 emakumezkoetatik, berriz, batek 2 aldiz hartu du presidentzia, eta besteak 4 aldiz (Ikus Mahaiko aulkiak).
Epaimahaiburuak sexuaren arabera Sailka
Honela banatzen dira 40 epaimahaiburuak sailka:
Gaztelaniarenaz
Lehen aipatu dugun bezala, Soledad Puertolas eta Josefina R. Aldecoa izan dira Gaztelaniazko epaimahaiburu emakumezko bakarrak. Kontuan hartuta ez direla Euskal Herriko letren munduetako eragileak, esan genezake, letren sistemak erreferentzia hartuta, emakumezkoak ez direla inoiz izan epaimahaiburu Gaztelaniazko sailean. Epaimahaiko ibilitakoetatik inor ez, adibidez.
Itzulpenarenaz
Itzulpenean ere, epaimahaikoetan zeukaten presentzia baino (%28’26) murritzagoa daukate emakumezkoek epaimahaiburuan, 8 puntu beherago, eta 2005. urtea arte itxaron behar izan dute horraino iristeko. Urte horretan eta hurrengoan, pertsona berak hartu zuen presidentzia. Datu estatistikoetarako, ez da dudarik 2 emakumezko balira bezala kontabilizatu behar dela, emakumezkoaren presentziaz ari garenez.
Haur eta Gaztearenaz
Haur eta Gazte literaturan ia zortzi puntu galdu ditu emakumezkoaren presentziak epaimahaiburuan (%40), epaimahaikoetan zeukan tasarekiko (%47’82). Murrizte handia da noski, itzulpenean daukanaren antzekoa.
Helduen literaturaz
Helduen literaturan gora egin dute emakumezkoek: %36’96an daude epaimahaikoetan, eta %40an epaimahaiburuetan. Igoera hori demokratikoagoa da noski %30era jaistea baino, hurbilago dagoenez epaimahaiko emakumezkoen tasatik. Alabaina, ez da kontuan hartu gabe uztekoa emakumezko bakar batek 3 aldiz hartu duela presidentzia Helduen sailean, beste ezein sailetan gertatu ez den kasua da. Datu estatistikoetarako, ez da dudarik 3 emakumezko balira bezala kontabilizatu behar dela, emakumezkoaren presentziaz ari garenez. Hori bezainbesteko egia da, ordea, metaketa dela batez bestekoen distortsio-efektua eragiten duten faktore nagusienetakoa: bat hirutan edo hiru banatan ez da hiru berdina banaketan.
Bai, badator galdera, hementxe da: beste hainbeste esango ote genuke halako metaketa egingo lukeen gizonezkoarengatik? Bai, beste horrenbeste esango genuke eta esango dugu, ñabardura honekin: metaketa egin ordez, hobe lukeela emakumezkoei leku egitea, ahal dela idazleei. BAZKAren aurkezpenean esan genuen moduan, gure soziologia benetakoa da.
3. Sexuen banaketa sarietan
Honela banatzen dira Euskadi Sarietako saridunak hamar urteotan (ikus Euskadi Sarien historiala):
Euskal letren 30 sarietatik 25 irabazi dituzte gizonezkoek, eta 5 emakumezkoek.
Idazle emakumezkoek %16’66ko presentzia dute gure literaturako sarituetan: sorkuntzazko sail biak eta itzulpengintza bat hartuta, ekoizpenaren arabera legokiekeena baino apur bat gutxiago.
Bai, gauza jakina da sariak ez direla banatzen sexuaren arabera ez ekoizpenaren arabera, artea ez dela demokratikoa alegia, beste hark esan zuen bezala (baten batek esan baitzuen). Baina taula horrek ageri ez duen beste datu bat atera behar dugu, epaimahaiburuen sexuarekin lotua dagoena eta, oro har, emakumezkoen presentziarekin edo, hobeto esanda, presentzia ezarekin.
Ohitura bat
Baliteke inoiz edo inon araua izatea, baina ohitura dela esango genuke: sariduna gomitatu egiten da hurrengo urtean epaimahaiburu izatera. Ez da Euskadi Sarietan bakarrik gertatzen, munduan zabaldu samarra dagoen ohitura dugu. Saridunak gomita har dezake edo ez; batzuek hartzen dute, beste batzuek ez.
Baina gurean gomita hartu izan den kasuetan, epaimahaiburua maskulinizatu egin da automatikoki, saridun gehienak gizonezkoak izan direnez. Ez dugu esan edo aditzera eman nahi, inondik ere, gomita hartu dutenen asmoa hori izan denik. Hala gertatzen dela besterik ez dugu esaten, eta esaten duguna sexuen rolen banaketarekin du zerikusia, emakumezkoen presentziarekin edo ez presentziarekin, adibidez.
Sarituak hurrengo urteko presidentzia hartzeak, kate hauek osatu ditu (ikus Euskadi Sarien historiala):
Itzulpenean:
1997-98-99-2000 / 2001-02-03 /
Eten bi horiek, saria irabazitako emakumezko biek sortu zituzten: ez zuten hurrengo urteko epaimahaiburua hartu. Eta bietan ere, emakumezkoei zegokien epaimahaiburua, gizonezko banak hartu zuten.
Haur eta Gazte literaturan:
1998-99 / 2000-01-02
Hemen ere, saria irabazi zuen emakumezko bakarrak eten egin zuen ohitura 2002an, ez zuen hurrengo epaimahaiburua hartu. Eta Itzulpenean bezala, emakumezkoari zegokion epaimahaiburua, gizonezko batek hartu zuen.
Helduen literaturan:
1997-98-99 /
Bi irabazlek bakarrik hartu zuten hurrengo urteko epaimahaiburua, eta biak gizonezkoak izan ziren. Erran gabe doa, beraz, sari hau irabazitako emakumezko biek (2000 eta 2002) ez zutela katea osatzeko ahaleginik egin. Sail honetan, ordea, 2001ean emazkumezko batek ordezkatu zuen epaimahaiburuan aurreko urteko irabazleak ukaturiko apaimahaiburua, eta 2003an ere berdin gertatu zen. Eta 2001ekoa idazlea baldin bazen zen ere, 2003koa kritikari, irakasle… multzokoa izan zen, 2000 urtean epaimahaiburu izandakoa bera eta 2005ean postu berdinean azalduko zena.
Esan dugu saria irabazi hurrengo urtean epaimahaiburu izateko gomita hartu den kasuetan, epaimahaiburua automatikoki maskulinizatzen dela, saridun gehienak gizonezkoak izan direnez. Orain esaten ahal dugu, idazle emakumezko saritu guztiek, idazle bezala, uko egin diotela epaimahaiburua feminizatzeari sail guztietan, nahiz eta helduen literaturan emakumezko banak ordezkatu aurreko irabazle emakumezkoei zegokien epaimahaiburua.
Baina feminizatzeari egin ote zioten uko?
Funtsean, ez ote zioten uko egiten beste zer edo zeri?
(Horra hipotesiak hausnartzeko gai polit askoa).