Off the record

Edorta Jimenez

Alegia, ez argitaratzekoa. Halaxe ulertu nuen nik neuk hitz egiten niola El Pais-eko Xabier Argüello kazetariari, ez argitaratzeko erregutuz, eman nizkion iritzietan. Esan niona honakoa izan zen.

Lehenik, “Utikan Euskadi Sariak” agiriaren eleduna izan nintzela Donostian, bakar batek irakurri behar zuela erabaki zelako. Horrez gero ez dago inork sinatzaileak ordezkatzerik. Ez nik nuek, ez beste ezeinek.

Bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak, Azkarate eledunaren bidez esandakoetan, ez diola Agirian azaldutako mamiari erantzun.

Hirugarrenik, hor nonbait ‘boikot’ hitza ikusi dudala, eta Agirian ez dela hitz hori inon ageri; beraz, hitz hori ez dela gurea.

Azkenik, bereziki azpimarratu niona izan zen “Euskal Literatura patrimonializaturik dagoela”, eta horixe litzatekeela nik hedabide horretan agertzea nahi nukeen nire iritzia.

Hortik aurrera ezin niola beste ezer esan, eta kazetarien lana izan beharko litzatekeela datuak biltzea eta aztertzea, hots, Euskadi Sariak ikertzea. Ez delako nahikoa infografian-eta, dotore-dotore, urteroko sarituen zerrenda argitaratzea. Datu horrekin, horrekin bakar-bakarrik, ez dagoela auziaren muinera iristerik. Begiratzeko epaimahaien osakuntzetan, idazleen jatorrian, idazleon liburuen argitaratzaileetan eta horrelakoetan. Ez besterik. Mesede egiten niolakoan. Argüellori.

Txepelketan, neu txepelena.

Kazetariak bekokia izan du, eta azala, “sinatzaileetako batzuek” argitaletxeen arteko banaketaren hori aipatu diotela idazteko.

Ez dut uste kazetariak Agiriaren beste ezein sinatzailerekin hitz egin zuenik, ez bere artikulua idatzi aurretik behintzat. Beraz, orrialdean nire iritzia agertzen denez, nor ote da (edo dira) “sinatzaileetako” bat hau “batzuk” bihurtzen duena (edo dutenak)?

Irizpidedun edozein irakurlek pentsa lezake, Argüellorena irakurrita gero, argitaletxe hau edo bestea salatu guran nabilena. Bada, ez. Esan nion irakurleei zuzendu diegula Agiria –kazetariek ere irakurleentzat idazten dutelakoan–.

Eta datuetan arakatzeko esan nion. Ikusi ahalko zuen, esate baterako, Azkarate andereak aipatu duen kopuru hori –200 epaimahaikiderena– ez dela benetakoa. Eta hari horri tiratuz, Euskal Literatura patrimonializaturik nork duen sumatzen hasi ahal izango lukeela.

Orain ostera irakurleek agerkari honetan dituzte Euskadi Sarietako datu batzuk behintzat. Ezein kazetarik egin ez duena egin du Bazka-k. Honez gero, irakurleen txanda da. Ea nork dituen patrimonializaturik sariok eta, bide batez, Euskal Literaturaren Sistemaren adarretako bat.

Egia baldin bada Euskadi Sari hauei utikan! esatean Euskal Literaturari kalte egiten diogula, eskubide osoa dut esateko sariok patrimonializaturik dutenek Euskal Literatura bera daukatela patrimonializaturik. Ez naiz horren erradikala, ostera. Euskal Literatura ez dira Euskadi Sariak. Euskal Literatura patrimonializaturik daukatenek beste mahai batzuetan ere jokatzen dute. Euskadi Sariak ez dira Euskal Literaturaren Sistemaren osagarri bat baino. Eta horko mahaiak ez dira Sistemarentzat erabakigarrienak.

P.S. Esan nion aipatzen ari naizen kazetariari nahi duenean deitzeko, nik El Pais-ekin hitz egiteko eragozpenik ez dudala-eta. Joan diren asteotako batean. Segituko dut hurrengo deiren baten zain. Erantzun egingo baitiot. Off the record delakorik barik.