Otsaila, 2008

amateurkeria

Kultur sortzaileei egindako lanagatik merezi dutena ez ordaintzea, betiereko amateurkeria baterako kondena da. (…) Kultur munduko freelance batek bakar-bakarrik abiatu behar izaten du egindako lanaren ordaina jasotzera. Paper dantzarik ez da falta izaten, faktura nahikoa ez eta, hartzekodunen zerrendatan alta eman behar erakundeetan kobratzeko, bidean galtzen diren paperak, karnetaren fotokopiak… Batekin aski ez eta, bi lan: lana egitea bata, kobratzea bestea. Soldatapeko hiltzaileei ere ematen zaie guri baino konfiantza handiagoa: “erdia orain, beste erdia lana amaitutakoan…”. Guk lana amaitutakoan dena, eta hori ere, kostata. (Harkaitz Cano. Fikziozko dirua, Argia, 2008-02-24)

sobornagarritasuna

Raymond Carverrek Strauss Living Award beka jaso zuen 1983. urtean. Urte horretan hasi eta ondorengo bost urteetan 35.000 dolar jaso zituen urtero-urtero. Kasualitatea ote da bere ipuinik onenak sasoi horretan idatzi izana? Bai, jakina… Kasualitatea da. Ongi da, kalkula dezagun azken hogei urteotako prezioen gaineko zergaren igoera eta ea zenbatean geratzen zaizkigun 35.000 dolar horiek… Lepoa egingo nuke 50.000 dolar baino gutxiago ez direla izango. Idazle baten independentziaren prezioa izan liteke hori –nire independentziarena bada, behintzat–. Gurean, ordea, badago halako sentipen bat, idazlearen sobornagarritasunaren langa oso baxu ipintzen duena. Badirudi dozena bat mila euro jasotzen duena boterearekiko otzan bihurtzen dela, zergatik eta, zortzi hilabetez alokairua soluzionatzen diotelako, galdu egin beharko lukeela boterea kritikatzeko aukera. Ez gaitezen xaloak izan: hain merkeak ere ez gara. Eskupekoa diruarekin nahasten da hemen, hori da arazoa. Alda dezagun lekuz eztabaida: mintza gaitezen benetako diruaz, ez eskupekoaz. (Harkaitz Cano. Fikziozko dirua, Argia, 2008-02-24)

tenperatura

Irakurri edozein egile iparramerikarren liburuak eta ohartuko zarete: xehe-xehe esango digute zenbat ordaindu duten bigarren eskuko Cadillac gorria, zein duten soldata, zein moteleko gelaren prezioa. Amerikarregi ari naiz gaur ere? Tira, literatura errusiarrean ere berdina da hori: kopek konturik ez da inoiz falta izaten… Onar dezagun: hala ez balitz bezala jokatzen erakutsi digute, baina bizitzako termometroetako bat da dirua. Eta zenbatetan aipatzen da euskal literaturan tenperatura hori? Marka da gero! Hor ere dirurik ez? Errealitatean ez eta fikzioan ere ez? Zenbat aldiz agertu da euro hitza euskal nobelatan? Esango nuke gehiegitan ezetz. (Harkaitz Cano. Fikziozko dirua, Argia, 2008-02-24)

negozio eredua

Laster batean, horrelako irakurgailuak [Kindle] hobetzen direnean, papera izan daiteke bakarrik idazle kontsakratuen pribilegioa; besteok aprobetxa dezakegu liburuak formatu digitalean ateratzeko. Ez moldiztegiko kosturik, ez banaketakorik. Euskal Herriko argitaratzaileek pentsatu dute horrek zelan aldatuko lukeen beraien negozio eredua? Hobe dute pentsatzen hastea, hori badator-eta. Musikak ireki zuen bidea orain lau bat urte, eta orain liburuen ordua da. (Joxe Aranzabal. Liburu irakurgailu digitala, Jakin, 2008ko otsaila)

kalitatearen porrua

Euskal literaturak inoizko garairik zoragarriena bizi du, itzulpengintzan bezala sortze lanean. Zoritxarrez, aldi berean Hezkuntza Sailak irakasleoi irakurketa eragozteko Kalitatearen porrua sustatu du, irakurtzeko denbora lapurtzeaz gainera ikastetxetik literaturaren eta filosofiaren espiritua uxatu eta enpresaren kudeaketarena ezartzen baitu. (Markos Zapiain. Gara, 2008-02-16)

kanon dibertigarriak

Jende askok ekidin egiten ditu literatura on edo “goi literatura”-tzat hartzen diren liburuak, zuzenean irakurtzeko zailak eta aspergarriak izango direlakoan; eta hori, jakina, ez da beti horrela. Areago, esango nuke hori ia inoiz ez dela horrela. Zenbait deribazio abangoardista eta esperimental izan daitezke, baiki, zail, aldrebes eta aspergarriak, baina nago gutxiengoa direla, oro har zein gure literaturan. Kanona-edo (euskal nahiz ez-euskal) osatzen duten obren gehiengoa irakurterraz eta dibertigarriak direla alegia. (Beñat Sarasola. Hitz egiteko modu bat, 2008-02-11)

gainerako guztia

Gauzak dauden bezala (diru-laguntza sistema kaxkarra, sormenerako laguntza eskasa, kultura irizpiderik eza…), Durangok dakarren distortsioa onartu beste erremediorik ez dute literatura argitaletxeek, baina arazoa ez da Durango, gainerako guztia baizik. Hitz egin dezagun, beraz, benetan axola duten kontuez, txorakeriak behingoz utzita. (Joxerra Garzia. Kale motzak, Argia, 2008-02-10)

gainerakoan apartekorik ez

Jon Alonsok iaz txoko honetan bertan [Argia-Urtekaria] idatzitako artikulua aitzakia ezin hobea izan zitekeen euskal kulturari buruzko eztabaida sakona abiarazteko, baina, Alonsok kritikagai zuena (Euskadi Literatur Sariak) sintomatzat hartu beharrean, sari dontsu horien inguruko ika-mika zalapartatsu bezain antzuan agortu zen artikuluraren eragina. Hala ere, artikulu honi azken ukituak ematen ari naizela, Euskadi Literatur Sarietan aldaketak egiteko garaia ote den iragarri du Miren Azkarate sailburu andreak, eta izango da noski iragarpen horretan Jon Alonsoren artikuluaren eragina ikusi nahiko duenik ere. Gainerakoan, ez da azken urte honetan apartekorik ezer gertatu, ez behintzat gure kultur politikan norabide aldaketa iradoki dezakeenik. (Joxerra Garzia. Haizea orraztetik haizea jakitera, Argiaren Urtekaria 2007)

soziolinguistikaren mende

Ez dut uste Xabier Silveirari eta Mariasun Landari inork leporatu dienik ezer gaztelaniaz idatzi izanagatik. Nire ustez eztabaida beste bat da. Eztabaida da zeren mendean jartzen dugun literatur sorkuntza. Soziolinguistikaren mendean jarriz gero, oker ibiliko gara. Ni euskaldun berria naiz, eta hogeita sei edo hogeita zazpi urterekin hasi nintzen idazten. Horrek esan nahi al du nire umetako eta gaztetako iruditeria guztia ezin dudala euskarara pasatu? Astakeria bat da hori. Horrez gainera, Bazka-ko gogoetak muinera jo du: zer dakar euskaraz edo erdaraz idazteak? (Lutxo Egia. Gara, 2008-02-09)

irakurterraza

Azkenaldi honetan hasi dira batzuek euskal literaturan defenditzen testu literarioek irakurterrazak izan behar dutela. Zenbait idazlek, zenbait antologok, zenbait saritan ere aipatu dute hori balio gisa. Niri oso bitxia iruditzen zait. Testu bat irakurterraza edo irakurgaitza izatea ez da berez balio bat, are gutxiago balio erantsi bat, testuaren ezaugarri bat baizik. (Lutxo Egia. Gara, 2008-02-09)