Urtarrila, 2008

karta jokoa

Euskadi Sariek literaturarekin zerikusi handia ez duen zerbait izaten jarraitzen dute. Alde horretatik, ez da ezer mugitu, baina estrategiaren aldetik aldatu da. (…) Aditzera eman nahi izan dute hemen guztiak karta berdinekin aritu direla joko honetan, baina batzuek, proposatuta egonda ere, karta horiekin jokatzeari uko egin diotela estali nahi izan dute. (…) Zazpi hautatu egotea eta hautatu guztiak ez aipatzea niri izugarria iruditzen zait. (Eider Rodriguez. Nabarra, 2008ko urtarrila)

tiraden murrizketa (2)

Nire beldurra da orain arte bezala segitzen badugu, galduz eta galduz, halako batean makina gelditu egingo dela, ez dela errentagarri izango liburuak ateratzea. Badakigu orain ere liburu batzuekin galdu egiten dela, beste batzuekin pare-edo, eta beste batzuekin irabazi. Horrela mantentzen da oreka, ozta-ozta. Ateratzen den liburu bakoitzeko galtzen bada, akabo edizioa. Puntu horretaraino iritsi gabe ere, tiraden jaisteak badu ondorio beltzik, eta ez ekonomikoak bakarrik, kulturalak ere bai. Aleen murrizketak eskaintza editoriala jaistea dakar, liburua irakurtzera emateko aukerak murriztu egiten ditu. Badago gehiago ere: bide horretatik liburu minoritarioak hil egingo lirateke, errentagarri diren liburuen bila joango liratekeelako argitaletxeak, bizi ahal izateko. (Joan Mari Torrealdai. Berria, 2008-01-29)

atomizazioa

Urtero-urtero, editorialgintzaren panorama ikusten dudanean, gogoratzen dut asko izatea gauza bat dela eta askotarikoa, plurala izatea beste bat, eta urtero bereizten ditut aniztasuna eta atomizazioa. Ba al dakizu urtero zenbat argitaratzaile egon ohi diren euskaraz? Ia 300. Hori ez da aberastasuna, hori ez da aniztasuna, hori ahuldadearen sinonimo da niretzat. Horietatik zenbat izango dira liburuak argitaratzeko sortuak, editorialak? 50 bat? Eta zenbat benetako editorial? (Joan Mari Torrealdai. Berria, 2008-01-29)

Beti dago aitzakiaren bat

Gorka Arrese

Ez dut uste Euskadi Sari erabat duina eta erabat aintzat hartua izateko aukera ere galdutzat eman behar dugunik. Gure literaturak Nazio Saria behar du. Denontzat agurgarria eta onargarria.

Fito Rodriguez

Eskuinekoak zein ezkerrekoak, kritikoak zein akritikoak, gure literaturaren patuaz arduratzen diren guztiak ez baina ez gutxi bat etorri dira azken urteon letren sari nazionala behar dugulako aldarrian.

Euskal Herria zatitzen duen EAEko estatus hau gainditu behar dela diotenek ere sari nazionala behar dugula argudiatzen dute, eta sari hori Euskadi Saria da, antza. Euskadik Euskal Herria ordezkatzea ez da horren larria beraz literaturaren kontu honetan. Badakigu kulturan, politikan ez bezala, posible izaten dela adostasun bat. Horren alde egiten du EAEko gobernuak bere eskumenean edukitzea euskara, eta euskara ofiziala izatea Euskadi osoan, Nafarroan ez bezala, Iparraldea ez aipatzearren. Nafarrak saritu izan dira, espainiarrak ez diren nafarrak barne. Euskal Herri mailako Euskadi bat daukagu beraz, bat behintzat bai.

(gehiago…)