Aurpegia ematea
Koldo Izagirre
Lehen idatzi egin behar izaten genuen.
Gero idatzi eta hitz egin behar izan genuen.
Orain idatzi eta hitz egin ez ezik fotogenikoak izan behar dugu.
IrriƱo sarkastiko hauxe ez dago gaizki…. O, zeinen zatar kokospeko plegu hori, garai bateko apeza ematen du! Zenbat dituela esan duzu? Ez da posible, ilea tintatzen du horrek! Honek bai Brecht-en betaurrekoekin, honek zer edo zer ematen du. Ukabila maisailean, behakoa sakon itxurako… limurtu egin nahi ote gaitu beste hark?
Izan liteke arbuioz, izan liteke afinidadez, izan liteke liluraz, “zer edo zer” adierazten dion argazkia hautatuko du irakurleak. Argazkian hautagai bihurtzen gara idazleok: alderdi banako ageri gara, lehian, elkarren aurka geundekeen bozka-biltzaile samalda. Aurpegia emate publiko batean, baliteke.