HIZTEGIA

literatura, errealitatearen faltsifikazioa

Euskadi Sariei buruz Jon Alonsok Argia aldizkarian idatzi eta egunkari honek berak zabal erreproduzitu artikuluan idazleak eskaintzen zuen lekukotza gezurra zela adierazi zuen Ordozgoiti jaunak. Ukatze edo gezurtatze horretan, “Jon Alonsok eskubide osoa du nahi dituen ipuinak idazteko eta sinatzeko” zioen, ipuina eta asmazioa bat eginik, literatura errealitatearen faltsifikazioa balitz bezala. “Utzi umeari umekeriak esaten, irudimen handia dauka”. Errespetu guztiz diogu: errespetu falta iruditzen zaigu. (Harkaitz Cano, Koldo Izagirre. Ipuinlariok. Berria, 2007-02-14)

ipuinak eta ipuinak

Ipuingileak gara, bai, baina egia esateko idazten ditugu ipuinak. Areago, ipuinak idazten ditugunean esaten dugu batez ere egia. Asmoz behintzat, lotarako ipuinak adina edo gehiago idazten ditugu esnatzekoak, bigarren hauek lotarakoak bezainbeste preziatzen dizkiguten ustean. (Harkaitz Cano, Koldo Izagirre. Ipuinlariok. Berria, 2007-02-14)

ipuingileen xalotasuna

Kultura bizi, erne eta autokritikoa nahi dugu. Kultura Saila ere bai. Halakoxe xaloak gara gu, ipuingileok. (Harkaitz Cano, Koldo Izagirre. Ipuinlariok. Berria, 2007-02-14)

kontalaria gezurti

Irakurtzen, ikasi genuen. Alegia, badakigu nolakoa den Jon Alonso, ipuinak idazten ditu, diosku Ordozgoitik, bai liburuetan biltzeko (fikzioa deitzen den hori), baina baita errealitatearen atal legez kontatzen dituen istorioetan ere. Idazlea barik kontalaria da, bistan da, gezurtia. Horra, hasteko, zer den idazlea (Jon Alonso guztiak) Administrazioarentzat. (Iñigo Aranbarri. Alonsoren ipuinak. Berria, 2007-02-10)

fedea

Administrazioak, Koldo Ordozgoitiren ahotan, zundak hondatuta, Euskadi Sarietan epai laguntzaile izan duena deskalifikatzen du eta, harri batez bi txori, zabar, harro, iraingarri, bide batez fedea eskatzen digu sortzailearen aurka. Boterearen larderiak Jon Alonsoren begiak itsuak direla sinesteko eskatzen digu. Errealitatearen muinean gaude: Administrazioaren egia ala ipuinlariaren fikzioa. (Iñigo Aranbarri. Alonsoren ipuinak. Berria, 2007-02-10)

politikarien une argigarriak

Zenbaitetan harrigarria ere bada, miresgarria, politikariek izaten dituzten une argigarri horiek. Ez dakit euren joera antropologikoki demokratikoaren edo euren lezio-emaile bokazioaren kausaz den, baina eskertzekoa da gauza hain konplikatuak hain argi lagatzea batzuetan populuari. Oraingo honetan, Jon Alonsoren Argiako artikuluaren ajeek ekarri digute Koldo Ordozgoitiren esaldi antologiko bat. Jon Alonsoren artikulua ipuin bat dela. Hori esan du. Jende guztia hura iritzi-artikulu bat zelakoan, Euskadi Sarietako hainbat gauza salatzen zituen artikulua hain zuzen, baina bai zera!, ipuin bat omen. Ipuin bat, hau da, kontakizun entretenigarri, denbora pasarako egoki, nahiko hutsal eta, batez ere, faltsu bat. Ipuinak asmakeria hutsak direla eta ez dutela mundu errealarekin erlaziorik, bada. (Beñat Sarasola, Euskadi Sariak eta Ordozgoiti jaunaren ateraldiak. Eremulauak.com, 2007-02-10)

ipuina

Alonsok eskubide osoa du nahi dituen ipuinak idazteko eta sinatzeko. (Koldo Ordozgoiti, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko komunikazio arduraduna. Berria, 2007-02-09)

errealismoa versus fikzioa

Horrelako auzi batean [Jon Alonsoren salaketa], nik gertatutakoari eutsi nahi nioke, eta ez gertatutakoaren interpretazioei. (Jorge Gimenez, editorea, EEEko lehendakaria. Berria, 2007-02-09)

kezkaren osasungarria

Euskadi Sarien garbitasunaz kezkatzea osasungarria eta beharrezkoa iruditzen zait (Jorge Gimenez, EEEko lehendakaria. Berria, 1007-02-09)

taldeak

Euskal literatura, onerako eta txarrerako, taldeka antolatuta dago neurri handi batean. Argitaletxeka, askotan. Kuadrila horietatik kanpo idazten dutenak gehienak direla onartuta ere, nekez uka daiteke talde horiek joerak agintzen dituztela literaturarekin eta, oro har, euskal kulturarekin zerikusirik duten hainbat gai zehatzen inguruan. Askotan, taldeak nahastu egiten dira, uretan gatza bezala, eta interes eta tradizio ezberdineko sortzaileek bat egiten dute hala zerbaiten defentsan –Isiltasuna ez da aterpe izeneko manifestua, edo Egunkariaren itxieraren salaketa, esaterako–, nola salaketan, Euskal Idazleen Elkartearen azken krisian gertatu zen bezala. Gutxitan, baina gertatzen da. (Alberto Barandiaran, Alonsoren proposamena. Berria, 2007-02-07)

sari guztiak ez dira berdinak

Sari gehienetan, guztietan ez esateagatik, beti sartzen dira sariaren helburutik kanpoko gorabeherak, azken erabakian pisua izaten dutenak. Ez da egia, ordea, denek partzialtasun, arbitrariotasun, eta irregularitate neurri bat daukatenez, berdin ustelduta daudelako ideia faltsua, eta faltsua ez ezik, askotan interesatua. (Jon Alonso, Euskadi Sariak, Argiaren Urtekaria, 2006)