HIZTEGIA

elkarrentzat arrotz

Galeusca, ez dakienarentzat, gogaideen monologo ezin aspergarriagoen segida izan ohi da (…), agiri eta adierazpenak gorabehera, urteetan zehar ezertan mamitu ez dena; nor bere etxera “ni” harrapoztuarekin itzultzeko balio izan duena –tripa betearekin, esan gabe doa–. Argi dago literatura mailan elkarrentzat ikaragarri arrotz izaten jarraitzen dugula. (Patxi Zubizarreta. Galeusca ahantziak, Argia, 2008-07-20)

politikoki zuzena

Oso zuzena da euskal irakurzaletasunaz arduratzea, baina ez dago kultur politikarik. (Mari Jose Olaziregi. Noticias de Gipuzkoa, 2008-07-07)

idazle gazteak

Idazle gazteak kanpoko eredu nahiko barregarrietan murgilduta ikusten ditut. (…) Mundu exotikoekiko lilura hori, adibidez, ez dut ulertzen. (Pello Lizarralde. Gara, 2008-07-06)

idazle burgesak bezala

Ahalegin bat egin beharko genuke gauden tokitik kontatzeko eta iruzurrik ez egiteko. Kanpotik bezala ari gara, idazle burgesak bezala. (…) Eta hori ikusten diet gazteei: maileguan hartutako bizitzak kontatzen dituztela. Topikoak erabiltzen dituzte pertsonaietan, istorioetan… (Pello Lizarralde. Gara, 2008-07-06)

sariak soberan

Sariak erlatibizatu egiten ditut beti, etortzen badira ongi etorriak izan daitezela, baina, hemen, benetako irakurle zirkuitu indartsua balego, sariak soberan egongo lirateke. (Jokin Muñoz. Beterriko Liburua, 2008ko ekaina).

bultzaka

Kanonizazio prozesu literarioaren atzean beti baldin badago indar bat bultza egiten, egungo egoera literario nahasia ulertu nahi badugu, hasi beharko genuke ere galdekatzen zein indar dagoen kanonizatzeko bidean dauden gure idazle potoloenen atzean bultzaka. Hau da, gure sistema literario nerabea ote da idazle hauek kanonizatzen dituena ala beste nonbaitetik (gurea ez den sistema indartsuago batetik, espainiar sistemaz ari naiz, noski) dator bultzada? Nik uste lehia bat dagoela arlo horretan eta askotan kanpoko bultzada barnekoa baino indartsuagoa dela, hots kanpokoen ikuspegitik irakurtzen ditugula gure autoreak, geure epaitzeko ahalmenean sinetsiko ez bagenu bezala, geure behar literarioen kontzientzia garbirik ez bagenu bezala. (Ur Apalategi. Iragana bihar, Argia, 2008-06-29)

zorionekoak

Nik beti esaten dut euskal itzultzaileok zorionekoak garela. Munduko literatura itzultzaile guztien ametsa jarri digute aurrean: klasikoak itzultzea. (Maria Garikano. El Diario Vasco, 2008-06-23)

irakurleen indiferentzia

Itzulpengintzaren arazorik handiena irakurleen indiferentzian ikusten dut. (Maria Garikano. El Diario Vasco, 2008-06-23)

sinesgarri, indartsu, nagusi

Ikusi dugu [Euskadi] literatura sariak beharrezkoak direla, beste herri guztietan ere badaudelako. Haiek antolatzeko ardura Jaurlaritzari dagokiola uste dugu, eta argitaratzaileen elkartetik ondo ikusten dugu eta horren alde gaude. (…) Epaimahai sinesgarri eta indartsua osatu behar da. Jarraipena izan dezan eta erabakiak hartzeko nagusi izan dadin. (Jose Mari Sors, Elkar-eko zuzendari nagusia. Berria, 2008-06-19)

formula sinplista

Bihar hilabete argitaratu zen albiste baten arabera [Berria egunkarian], bertoko unibertsitateko irakasle batek zera esan zuen kazetariak artez idatzi bazuen: “Arazoa irakurle eskasiak baino gehiago jende guztia idazle izateak sortzen duela uste du Mari Jose Olaziregik”. Zelan ez gara orain arte horretaz ohartu! Formula oso sinplea da: idazle gutxiago = irakurle gehiago. Prestigiatu ditzagun sariak, prestigiatu ditzagun sariak ematen dituztenak, prestigiatu ditzagun sariak irabazten dituztenak, eroan ditzagun antologiaz antologia munduko Reno guztietara eta euskaldunek gehiago irakurriko dute euskaraz. (Gotzon Barandiaran. Gu ez gara sektorekoak, antza, Berria, 2008-06-19)

irakurleen krisia

Krisia ez dago sorkuntzan. Idazleak asko dira, onak eta gazteak, eta emakumeak sartzen ari dira. Kalitate handiko jendea idazten ari da. Krisia irakurleena da. (Jose Mari Sors, Elkar-eko zuzendari nagusia. Berria, 2008-06-19)

bitartekarien industria (3)

Orain artekoak [subentzioak] arriskua zeukan, argitaratzea laguntzen zuelako. Baina agenteak egotea nahi badugu, horiek laguntza behar dute, arriskuak hartu behar dituztelako merkatuan. Hori da orain aldatuko dena. Horrek zer esan nahi du? Produktua lagundu baino gehiago, kultura industria lagunduko dutela. (…) Enpresa guztiek bezala, maileguak ditugu, kredituak, laguntzak. Beste industria arloetako tratamendu bera behar dugu. (…) Ezin da kultur industria garatu kulturatik bakarrik. (Jose Mari Sors, Elkar-eko zuzendari nagusia. Berria, 2008-06-19)

bitartekarien industria (2)

Dirua industriarako da. Eta zer da industria? Idazlea industriaren parte da?, eta irakurlea? Zergatik nahasten ditugu industria eta literatura sektorea-sistema? (Gotzon Barandiaran. Gu ez gara sektorekoak, antza, Berria, 2008-06-19)

errentagarritasuna (2)

Datu erlatiboetan oso ondo gaude. Gaur egun batez besteko argitaraldia 1.500 alekoa da; eta haur eta gazte literaturan 2.000 alekoa. Espainian 4.000 alekoa da batez beste, eta duela urte batzuk 8.000koa zen. Frantzian 15.000 argitaratzen zituzten garai batean, orain 6.000. Arazoa, hala ere, errentagarritasuna da. Arazoa da 1.500tik jaistea arazo larria dela. Hau da, besteentzako larria dena, guretzat hil ala bizikoa dela. (Jose Mari Sors, Elkar-eko zuzendari nagusia. Berria, 2008-06-19)

analfabetizazioa

Jaurlaritzak eta bestelako erakundeek argitaratu ohi dituzten datuen arabera, plazerez eta plazerarengatik euskarazko literaturarik irakurtzen ez duen gizarte batean bizi omen gara. Hezkuntza-sistemaren baitan daudenek irakurtzen omen dute, eskolarako. Aldiz, aisian, denbora libretan, gutxik itzaltzen omen du telebista, paper zuriaren gaineko narrazio bati ekiteko. Poesia, teatroa eta saioa saldu ere ez ei dira egiten. Eztabaida ez da autore baten literatura bai, eta bestearena ez. Eztabaida da aro zibernetikoaren garaian, oinarrizko alfabetizazioak hutsune nabariak dituen mundu batean bizi ote garen. (Jose Inazio Basterretxea. Morfinazko lubakiak, Argia, 2008-06-15)

bizirauteko titulua

Entzun dut urduritasunaren poesia jarri dela modan, lehen esperientziarena jarri zen modu berean. (…) Zer nobedade eskaintzen duen lirikamodu berri honek? Deusik ez. Bizirauteko besterik ez dute asmatu titulu ponpoxoa. (Karlos Linazasoro. El Diario Vasco, 2008-06-14)

bitartekarien industria (1)

Administrazioaren aldetik ere, beti dago industriari laguntzeko joera bat: “Industria indartzen baduzu, kultura indartzen ari zara”. Eta egiaz indartzen ari zarena bitartekaria da. Benetan kultura bati osasuntsu eusten diotenak artistak dira, eta ez naiz nekatuko hori esaten, nahiz eta ematen duen ez duela inork entzuten. (…) Gu gara kulturaren lehen sektorea. Hots, hirugarren sektorearen barruko lehen sektorea, eta lehen sektore guztiek pairatzen dituzten gabezia edo presioak pairatzen ditugu. (Mikel Markez. Berria, 2008-06-11)

errentagarritasuna (1)

Kontua da gure egileetako batek nobela duela esku artean, eta lehen atala eman duela amu gisa euskal argitaletxeetara. Eta erokeria dirudien arren, batek erantzun omen du: “Kosta ahala kosta, geuk argitaratu behar dugu liburu hori”. (…) Beste idazle engaiatu bati aipatu nion albistea, eta zuri-zuri jarri zituen begiak esana entzundakoan. (…) Minutu batean pentsatu eta gero esan zuen: “Zergatik ez? Ez zait gaizki iruditzen”. Erran nahi baita, ez zaiola gaizki iruditzen euskal idazle batek (ere), ahal duen dirurik handiena ateratzea bere liburu batekin. Errentagarritasuna bilatzen saiatzea, alegia. Eta niri ere ez: ez zait batere gaizki iruditzen, gauzak dauden daudenean. Jakinekoa baita, gainera, editore batek diru dezente ordaintzen badu liburu batengatik, huraxe saltzen saiatu beharko duela lehenbizi eta, beraz, promozio eta ibilera hobea izango duela liburu horrek balizko erroten artean. (Hasier Etxeberria. Txori handiak, Alua mundua!, 2008-06-10)

birmoldaketa

Gero eta maizago entzuten da birmoldaketa egin beharra dagoela idazleen artean, jende gehiegi dagoela. (…) Argitaratzea lortzen duen jende asko lortu dugu eta hori, berez, ez al da poztekoa? Gainera, sistema orekatu bat ezin da hiruzpalau izenen gainean oinarrituta egon. Ikusi dugu horrek zer gaitz ekarri duen urteetan. Krisia, egotekotan, ez dago literaturan, ustezko irabazietan baizik. Liburua editatzeak kostu ekonomiko handia du, eta noski, hor piztu da kezka. (…) Uste dut kezka merkantilista sormenezkoa bihurtu nahi dela. (Iñigo Aranbarri. Argia, 2008-06-08)

liburu salduena

Liburuzale batek nola erabiliko du “liburu salduena” formula? Hori salmenta gune handietako formula da, beldur naiz liburuzaleak ez ote diren erortzen ari azalera handiko denden logikan. “Salduena” horrek esan nahi du hori salduko dutela, ez beste bat; hemendik urte batzuetara hamar titulu salduko direla, bakoitzetik ikaragarri, baina hamar. Besteak ez dira salduko, baina apaletan ere ez dira jarriko. Idazle gehiegi dagoela? Hasi da garbiketa. Literaturari kalte egiten dioten terminoak erabiltzen ari gara. (Iñigo Aranbarri. Argia, 2008-06-08)

laissez faire

Horrek benetan erretzen nau: boterearen aldetik saltzen ari den satisfazioaren kultura. “Munduko tokirik ederrenean bizi gara, munduko industriarik onena dugu, hemen baino hobeto ez da inon jaten, munduko jenderik onena dugu…”. Munduko zilborra gara. Ez dago inongo autokritikarik. Aparatu politikoak, gaizki egin arren, ez dizu inoiz akatsik onartzen. Nola bada, “jendeari konfiantza eman behar bazaio”. Txarrena da, intelektualtasuna ere, berez sistema horren akuilu izan behar lukeena, erdi erosia dagoela. Akuilu baino, miss. Mezua, entzuten dugu zein den: “Denok elkarren lagunak gara, kritikoak izan zaitezkete, baina ez pasa”. Munduan beste asko lez, askoz errazagoa da denontzat erdi isilik, erdi lo egotea. Laissez faire, laisser passer. (Iñigo Aranbarri. Argia, 2008-06-08)

gure klasikoak

Ez dakit inoiz autore benetan unibertsalik izatea lortuko dugun, baina klasiko “nazional” duinak lortzeko bidean gara. Pena bakarra zera da, oraindik berriegiak direla biharko gure klasikoak, eta bizirik dirautela berauen autore gehienek. Lehenbailehen hil daitezen itxarotea baino ez zaigu geratzen. Esaterako, berak eskatu moduan lurpean gordeko dugun egunean bertan proposatuko diot Euskaltzaindiako literatur batzordeari Txomin Agirre eleberri sariari Ramon Saizarbitoria izena jartzea. (Ur Apalategi. Hil daitezela lehenbailehen…, Argia, 2008-06-08)

sarien lehen helburua

Sariketen lehen helburua sariak ematen dituen erakundearen irudi ona ematea da. (Harkaitz Zubiri. Berria, 2008-06-04)

bi gauza ezberdin

Idazle batek beste batek baino sari gehiago eskuratuko ditu, baina horrek idazletzari begira gutxi esaten du. Azken batean, idaztea eta saria irabaztea bi gauza guztiz apartekoak dira, ez dute elkarrekin zer ikusirik. Biek estimulu eta interes desberdinei erantzuten diete. (Xabi Borda. Berria, 2008-06-04)

argitaratzeko erraztasunaz

Gaur hemen editorialetan argitaratzeko ez dago inongo arazorik. Ez da ate asko jo behar. (Uxue Apaolaza. Berria, 2008-06-04)

boterea-dirua-hitza

Euskal literaturak erretratatzen duen gizartean, gizonek dute boterea eta dirua, eta baita hitza ere. (…) Euskal literaturaren errealitatean gizonezkoak dira idazle gehienak (eta baita editoreak ere). (Ainara Gorostizu, kazetaria. Dena eta kontatzen dena, Berria, 2008-06-03)

bigarren mailakoak

Emakumeak emakume izatearen kontzientzia hartu duelako, harritu egiten da bat euskal literaturak zenbaitetan emakumea, oraindik ere, nola erretratatzen duen ikustean. Senidetasun lotura, lotura profesional eta nola ez, lotura sentimentaletik harago, emakumezko pertsonaiak oraindik ere oso bigarren mailako direla ikustean. (…) Errealitatearekin bat egiten ez duen irudia ematen du euskal literaturak generoari dagokionez. Emakumeari dagokionez, eta ondorioz, ziurrenik, gizonezkoari dagokionez ere bai. (…) Emakumezkoak amaren rolean (edo emaztearen, maitalearen, arrebaren rolean…) bakarrik agertzen dituen literaturak ez du gaur egungo gizartea islatuko. Eta gizonezkoak aitaren (senarraren, maitalearen, nebaren…) rolean ere agertzen ez dituen literaturak ez du gaur egungo gizartea islatuko. (Ainara Gorostizu, kazetaria. Dena eta kontatzen dena, Berria, 2008-06-03)

anbizio konplexua

Literatura txikiek badute mundura konplexuekin bezala aurkezteko ohitura. Nik uste dut oso anbizio handiz jardun behar dutela euskal idazleek eta euskal erakunde literarioek. Daukatena ona dela sinetsi behar dute. Eta nik dakidala, orain arte, politikoek ez dute horretan gehiegi sinetsi. (Mari Jose Olaziregi. Argia, 2008-06-01)

ez usteltzeko jauzia

Zergatik ez da, goi mailako itzultzaile ikasketak izanik, beste unibertsitate batzuekin akordiorik erdietsi euskara-beste hizkuntza baterako itzultzaileak prestatu eta itzulpenak egiten hasteko? Zergatik ez dira atzerriko argitaletxeak halako kongresu batera gonbidatzen hemengo argitaletxeekin harremanetan jarri eta itzulpen-argitarapena errazteko? Zergatik ez da Eusko Jaurlaritza urtean behin edo Madrilera eta Parisera erromeriyan abiatzen Euskal Astean hemengo kulturaren aurkezpena egitera? Badakit, galdera gehiegi. Baina iruditzen zait kanporako jauzi hori derrigorrezkoa dugula, bestela usteldu eginen gara. (Juanjo Olasagarre. Katalunia, Argia, 2008-06-01)

vanitas vanitatis

Oso denbora gutxian kasu handia egin zioten nik idatzitakoari, eta aztoratu egin nintzen. Garai batean sekula burutik pasa ez zitzaizkidan gauzetan pentsatzen hasi nintzen. Uste baino ahulago naizela konturatu nintzen. Vanitas vanitatis, literatura zeharka baino ukitzen ez duten gauzetan pentsatzen hasi nintzen. Zorionez, aitormen horrek adinean sartuxea harrapatu ninduen. (Pello Lizarralde. Berria, 2008-05-31)

postmodernitatea

Postmodernitatea erabat errotu da gure literaturgintzan. Halako zinismo naif bat; dibertigarri izateko behar histeriko bat, ETBk eta ingurukoek ekarritakoa seguru asko; gaizki ulertutako kosmopolitismoa, klixeen euskaratze soiletan oinarritua; eta batez ere norberaren eskarmentua baliatzeko ezintasun ikaragarria. (Pello Lizarralde. Berria, 2008-05-31)

itzulpen arrazoiak

Badakit Larrepetit Euskal Herrian gaztelaniara itzuliko luketela, baina nik ez dut hori nahi. Egin dezatela Espainian. Bi arrazoirengatik: batetik, gaztelaniaz guk baino hobeto dakite –nahiz eta gu ere erdaldun erabatekoak izan–; bestetik, merkatu kontua dago. Nik badakit Espainian egiten diren euskal liburuen gaztelaniazko itzulpenak batez ere hemengo erdaldunek erosten dituztela. Baina, behin horretara jarrita, nik nahi dut Tenerifen bi liburu izan, Sevillan lau, Bartzelonan zazpi, Madrilen hiru…; eta badakit Euskal Herrian argitaratuz gero ez dela hori gertatuko. (Pello Lizarralde. Berria, 2008-05-31)

autoitzulpena

Autoitzulpengintza zen zure gaietako bat, horretaz hitz egitera gonbidatu ninduzun Gasteizera. Gauza bat idaztea baita, eta beste bat oso ezberdina idatzitakoa egileak berak beste hizkuntza batean paratzea. Idazleak nobela bat idazten duenean nobela on bat idatzi nahi du eta kito. Baina itzulpena egiten duenean, nobela ona eta itzulpen ona izatea ez zaio aski: itzulpen horrek bere antza izan dezan nahi izaten du. Edo ezta hori ere: berak bere buruaz duen irudi idealizatuaren antza izan dezan. Itzulpena margo ezberdinekin egindako jatorrizko koadroaren erreprodukzioa bada, autoitzulpena autoerretratua da (autoerretratu tranpatia, gainera). (Harkaitz Cano. Autoitzulpengintza, Axun Aierbe in memoriam, Argia, 2008-05-25)

literatura dekoratiboa

Gizartearen eta literaturaren arteko harremanez hitz egingo dugu [Palermoko mahai-inguruan]. Hau da, eztabaidatuko dugu zer neurritan izan behar duen literaturak zibila, zer neurritan arduratu behar duen literaturak gizartearenak ere badiren auziez. Italian oso guri dago gai hau azkenaldian. Italian eta mundu osoan. (…) Nire ustez, historiak erakusten du ezin dela ez arterik eta ez literaturarik egin gai nagusi batekin lotura izan gabe. Pintura edo eskultura abstraktua egin zuten lehen artisten arrazoiak irakurriz gero, adibidez, ikusten da bazutela errealitatea beste modu batez begiratzearen inguruko kezka bat, ezagutzarekin lotutako helburu nagusi bat. Lotura hori gabe artea bigarren mailako zerbait bihurtzen da, hots, dekorazioa. Literaturan ere egin daiteke gizartearekin inolako loturarik ez duen zerbait, baina seguru asko azkenean literatura dekoratiboa izango da horrela egindakoa. (Bernardo Atxaga. Berria, 2008-05-09)

moztadea

Hogeitaka letrarekin, puntuarekin, komarekin eta beste pare bat ikurrekin ez dago miraririk egiterik. Ahoz esandakoa horren lanabes eskasekin papereratzeak sentsazio hori utzi dit, idaztearen moztasunarena, edo moztadearena. (Iñaki Segurola. Berria, 2008-04-29)

likidazioak

Aurten ere, udaberriarekin, iristen hasi dira argitaletxeetako likidazioak euskal idazleen postontzietara, eta kontuan baldin badugu egileak liburu salduaren %10 jasotzen duela, hau da, kafe bat gutxi-asko liburu bakoitzeko, eta kontuan baldin badugu salmenten beheranzko joera, hortik segi dezakegu euskal idazleak ez duela irrika handiz espero postariaren etorrera, sarritan horri halako depresioak segitzen baitio. (…) Esanguratsua da batzuetan euskal idazlea pozarren joaten dela txekea kobratzera, baina hara non esan dioten: “Barkatu, baina hau ez da txeke bat pagakizun agiri edo pagaré bat baizik, eta bertan ageri den data arte ez dago kobratzerik”; eta pagakizun agirian uztaila edo abuztua ageri. (Patxi Zubizarreta. Mekauen sos, Argia, 2008-04-27)

merkatuaren legeak

Kontua da, jaunak, merkatuak legeak irauli egiten dituela, aldrebestu, zapuztu; hau da, txar dena on bihurtzen duela, efimero dena eterno, denborapasa huts dena goi-mailako. Dena homologatzen du, dena berdintzen, zentzu kritikoa eta bilaketaren xarma desegiten. Eta arrasto horietatik kanpora, badirudi ez dagoela ezer, basamortua eta marjinaltasuna baino. Eta hau ere egia da, noski. Baina non egon da beti benetako literatura marjinaltasunean eta kontrako bidean ez bada? (Karlos Linazasoro. Kontrako bidetik, El Diario Vasco, (2008-04-26)

ijitokeria

Egilea azkeneko eskazalea duk. Eta argitaletxeak beti negarrez, baina, laguntzak beti haientzat. Eta gero gainera bidean habilela, hainbeste detaile mixerable botatzen ditek hire bizkar, berek sos bat ez gastatzeagatik. Ijitokeria hutsa duk euskal fartsa hau. (Patziku Perurena. Argia, 2008-04-20)

aldaketak eta berrikuntzak

Bere garaian ere editoreekin batera behar ziren aldaketak aztertu eta egin ziren. Euskadi Literatura sarien deialdi irizpideak eta baldintzak eurekin adostuta daude. 2008ko deialdia iazkoaren arabera egin da, baina hurrengoan berrikuntzak izango dira. Utikan manifestua bidezko iruditzen zait, hala ere, idazle eta itzultzaile gehienek balorazio positiboa egiten dute Euskadi Literatura sariei buruz, beharrezkoak ikusten dituzte. (Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua. Argia, 2008-04-20)

nolabait esateko

Hori ez da administrazioaren lana, epaimahaikideek hartutako erabakia izan da. (…) Administrazioak idazkari lana egiten du, nolabait esateko. Hartzen diren erabakiak argitaratutako deialdiarekin bat datoz, baina administrazioak ez du besterik egiten eta epaimahaiak esaten badu hau gazte literaturan kontuan hartzekoa dela… Epaimahaiaren epaiarekin batzuetan ados zatoz eta beste batzuetan ez. (Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuaren erantzuna Mikel Asurmendi kazetariaren galderari: “Zenbaitetan administrazioaren eta idazleen artean distantzia handia antzematen da; Izagirre eta Alonsoren lanak gazte literatura bezala saritzea ere?”. Argia, 2008-04-20)

ohar galderazkoa. Izagirreren Rimmel eta Alonsoren Erretzaileen eremua liburuak finalista izateko zein epaimahaik aukeratu ote zituen?; administrazioak zein epaimahairen erabakiak komunikatu zizkien idazleei gutun ofizialez?

printzipioa

Nik berez, printzipio gisa, ondo irizten diot botere politikoak gure lana saritzeari. (Joxe Austin Arrieta. Berria, 2008-04-15)

irakurleei entzuten

Azkenaldian emandako hainbat hitzalditan, oso antzeko eskaera egin didate adin eta mota guztietako irakurzaleek: liburu biziak eta dinamikoak sortzea, mesedez. (…) Horrek ematen du zer pentsatua. Idazleok beti gabiltza kexu, gutxi irakurtzen dela-eta: ez ote da noiz edo noiz ez diegula entzuten irakurleei? Zain ditugu eta! (Fernando Morillo. Nire uste harroan bloga, 2008-04-11)

liburu funtzionalak

Guztiok dakigunez, institutu eta eskoletan ez dira libururik onenak sartzen, funtzionalenak baizik. (Felipe Juaristi. Beterriko liburua, 2008ko martxoa)

literatura marjinala

Euskal literaturan idazle asko dago, eta merkatuaren legea jarraituko bagenu, idazle asko sobran legoke. Badago batere saltzen ez duen idazle multzoa eta merkatuaren legearen kontrakoa da hori. Liburuak saltzen ez badira, arazoak sortzen ditu argitaletxeekin eta batez ere norberaren buruarekin. Hiruzpalau urte liburu bat idazten igaro eta gero, oihartzunik gabe pasatzen bada, injustua da. Baina, horrelakoa da bizitza. Momentu batean Saizarbitoriaren literatura marjinala da Euskal Herrian, beste ikuspegi bat dagoelako literaturari buruz. Eta seguru aski gero eta idazle marjinal gehiago egongo da. Neurri batean, Koldo Izagirre ere marjinaltzen ari da. Orain, beste literatura klase bat egiten duten beste idazle batzuk daudelako. Irakurlearen nahiz literaturaren inguruko ikuspegia aldatzen ari dela uste dut nik. Koldo Izagirrek egiten duen literatura serio, landu eta taxuzkoak toki gutxi du egun. Beste kontu bat da horrelako idazleak behar ditugun edo ez. Nik uste dut beharrezkoak direla. Belaunaldi berriek beste belaunaldietan eduki behar dituzte erreferenteak. Niretzat, Aresti hilda dago baina hor daude Atxaga, Saizarbitoria edo Koldo Izagirre. Belaunaldi bateko erreferenteak dira horiek, sortzaileak. Gero beste batzuk etorriko dira, baina belaunaldien erreferentea galtzen badugu tradizioarekin hausten da, eta tradizioarekin hautsi duen literaturak ez du asko aurreratu. (Felipe Juaristi. Beterriko liburua, 2008ko martxoa)

idaztearen plazera

Gaztelera txikitako hizkuntza dut, oinarrizkoa, eragiketa matematikoena, errezoarena, guztiz barneraturik dudan zerbait da (…) Nik gozatu nahi nuen testu hori osatzen [La fiesta en la habitación de al lado] eta hein batean plazer horren barruan sartzen zen gazteleraz idaztea (…) Gogoan dut azken aste hauetan Juan Luis Zabalak Joan Mari Torrealdairi egin dion elkarrizketa. Laguna dut Joan Mari eta liburugintzari buruzko elkarrizketa horretan bere iritzia eman zuen. Galdera zen ea zer iruditzen zitzaion argitaletxe batzuek liburuak gazteleraz argitaratzea. Berak gogoan zuen Martin Ugaldek berak esaten zuela bi esku ditugula eta bi horiek erabiltzea oso ona litzatekeela, eta ideia horrekin ados nago. (Mariasun Landa. Nabarra, 2008ko martxoa)

agindu zaharra

Agindu [subentzio] honen helburu nagusia ez da erosketa, ezta liburutegiak euskal liburuz hornitzea ere, euskarazko liburugintzaren sustapena baizik, Euskadiko liburugintza industriak edo sistemak tresna bat izatea merkatuan egon ahal izateko. Agindu hau zaharra da, eta denbora ez da alferrik pasatzen. Eguneratze bat behar du. Baina eguneratzea behar duen bakarra ez da agindu hori. Liburugintza laguntzeko ditugun tresnak berritu behar ditugu, oro har. Sektorearen beharrei erantzuteko, tresna bat baino gehiago behar da. Orain arte agindu hau baino ez dugu izan, eta ez sektorea eta ez Administrazioa ez dira ausartu eskua gehiegi sartzen, eguneratze txiki batzuetatik aparte. (Iñaki Gomez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria. Berria, 2008-03-04)

helburu bikoitza

Diru laguntza da, halaxe konbokatuta dagoelako, beste herrialde batzuetan egiten diren erosketa publikoak bezala. Badu, hala ere, laguntzaren formatik urruntzen duen ezaugarri bat: zerbait entregatzen dela. Laguntzaren helburua bikoitza delako gertatzen da hori: batetik, euskarazko liburugintzaren sektoreari babesa ematea; bestetik, liburutegien sare publikoa liburuz hornitzea. (Jorge Gimenez, Euskal Editoreen Elkarteko lehendakaria. Berria, 2008-03-04)

helburu ez bateragarriak

Gauza bat da liburutegiak hornitzeko xedez euskarazko produktuen erosketa bat egitea, eta beste bat euskarazko liburugintza laguntzea. Egun, bi helburu horiei liburu erosketaren bidez erantzun nahi zaie, baina ez dira helburu bateragarriak. (Olatz Osa, editorea. Berria, 2008-03-04)

liburu erosketa

Liburu kopuru jakin baten truke jasotzen dugu ordainean dirua, alegia, dirua produktuaren truke. Eusko Jaurlaritzak liburutegietarako mahaiak erosten dituenean, esaten da altzari industria subentzionatzen ari dela? Alde horretatik begiratuta, ez da subentzioa, liburutegiak hornitzeko egindako erosketa baizik. Badu, hala ere, ezaugarri berezi bat: erosketa unibertsala dela; baldintza minimo batzuk betetzen dituzten euskarazko liburu guztiak erosten dira. (Pello Elzaburu, editorea. Berria, 2008-03-04)

erdi prezioan

Inoiz diru laguntza izateko bokazioarekin sortu baldin bazen, diru laguntza zaharkitua da. Normala denik ezin da esan, ez baitut uste beste inongo sektoretan egiten denik produktuen erosketarik erdi prezioan. Erosketa da, eta erosketa pirata samarra. (Mikel Soto, editorea. Berria, 2008-03-04)

hutsaren hurrengoa

Euskal liburuak baditu hainbat gabezia eta defizit historiko, eta horiek ez dira osatzen denetarik erosita ere. Jaurlaritzak liburuak laguntzeko gastatzen duena hutsaren hurrengoa da bere aurrekontu osoaren kontestuaren barruan. (Luis Haranburu Altuna, editorea. Berria, 2008-03-04)

diskriminaziorik gabe

Euskaraz argitaratzen diren liburu guztiei laguntzen die, diskriminaziorik egin gabe, modu automatikoan. (Iñaki Gomez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria. Berria, 2008-03-04)

diskriminazio handia

Diskriminazio handia da burura datozkidan kasu batzuetarako. Burura etortzen zait Xabier Amurizak bere kabuz kaleratu duen liburuaren kasua [Dinosauroak horizontean nobela]. Euskal Herriko liburutegiek ez dute Amurizaren liburua merezi? Edo liburuak ez du merezi liburutegietan egotea? (Mikel Soto, editorea. Berria, 2008-03-04)

industria lagundu

Euskarazko liburugintzaren industria laguntzeko, produktu zehatzak ardatz hartu ordez, argitaletxe bakoitzak aurkeztu beharko lukeen argitalpen plangintza hartu beharko litzateke kontuan, eta laguntzak horren arabera banatu. (Olatz Osa, editorea. Berria, 2008-03-04)

behar industrialak

Industria aipatzen denean, epe luze samarrean lanean ari diren enpresa txiki eta ertainei buruz ari gara, negozio plan garatu bat dutenak, negozio bolumen bat dutenak… Horiek dituzten beharrak behar industrialetatik gertuago daude. Ikus-entzunezkoen arloan, adibidez, era horretako enpresei ematen zaizkie batez ere laguntzak. Baina badira neurri horretara iristen ez diren argitaletxeak. Antzerkiaren arloan, hiru tipologia bereizten dira, enpresaren curriculumaren eta sendotasunaren arabera. Bide hori hasi beharra daukagu argitalpengintzan ere, nire ustez. Guztien beharrak ezberdinak dira, eta ezin dira denen beharrak bete agindu bakar batekin. (Iñaki Gomez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria. Berria, 2008-03-04)

finantza sistema

Jaurlaritzako Kultura Sailarekin eta Euskadiko Editoreen Gremioarekin batera mailegu publikorako bide bat aztertzen ari gara, gure sektoreari begira, finantza arloko laguntzen sistema bat: mailegurik behar izanez gero zer laguntza eman dezakeen Jaurlaritzak eta abar… Mota horretako laguntzak nola eman erabakitzen denean, kontuan hartu beharko da oso argitaletxe mota desberdinak daudela; batzuen beharrak ildo batetik joango direla eta beste batzuenak beste batzuetatik. (Jorge Gimenez, Euskal Editoreen Elkarteko lehendakaria. Berria, 2008-03-04)

amateurkeria

Kultur sortzaileei egindako lanagatik merezi dutena ez ordaintzea, betiereko amateurkeria baterako kondena da. (…) Kultur munduko freelance batek bakar-bakarrik abiatu behar izaten du egindako lanaren ordaina jasotzera. Paper dantzarik ez da falta izaten, faktura nahikoa ez eta, hartzekodunen zerrendatan alta eman behar erakundeetan kobratzeko, bidean galtzen diren paperak, karnetaren fotokopiak… Batekin aski ez eta, bi lan: lana egitea bata, kobratzea bestea. Soldatapeko hiltzaileei ere ematen zaie guri baino konfiantza handiagoa: “erdia orain, beste erdia lana amaitutakoan…”. Guk lana amaitutakoan dena, eta hori ere, kostata. (Harkaitz Cano. Fikziozko dirua, Argia, 2008-02-24)

sobornagarritasuna

Raymond Carverrek Strauss Living Award beka jaso zuen 1983. urtean. Urte horretan hasi eta ondorengo bost urteetan 35.000 dolar jaso zituen urtero-urtero. Kasualitatea ote da bere ipuinik onenak sasoi horretan idatzi izana? Bai, jakina… Kasualitatea da. Ongi da, kalkula dezagun azken hogei urteotako prezioen gaineko zergaren igoera eta ea zenbatean geratzen zaizkigun 35.000 dolar horiek… Lepoa egingo nuke 50.000 dolar baino gutxiago ez direla izango. Idazle baten independentziaren prezioa izan liteke hori –nire independentziarena bada, behintzat–. Gurean, ordea, badago halako sentipen bat, idazlearen sobornagarritasunaren langa oso baxu ipintzen duena. Badirudi dozena bat mila euro jasotzen duena boterearekiko otzan bihurtzen dela, zergatik eta, zortzi hilabetez alokairua soluzionatzen diotelako, galdu egin beharko lukeela boterea kritikatzeko aukera. Ez gaitezen xaloak izan: hain merkeak ere ez gara. Eskupekoa diruarekin nahasten da hemen, hori da arazoa. Alda dezagun lekuz eztabaida: mintza gaitezen benetako diruaz, ez eskupekoaz. (Harkaitz Cano. Fikziozko dirua, Argia, 2008-02-24)

tenperatura

Irakurri edozein egile iparramerikarren liburuak eta ohartuko zarete: xehe-xehe esango digute zenbat ordaindu duten bigarren eskuko Cadillac gorria, zein duten soldata, zein moteleko gelaren prezioa. Amerikarregi ari naiz gaur ere? Tira, literatura errusiarrean ere berdina da hori: kopek konturik ez da inoiz falta izaten… Onar dezagun: hala ez balitz bezala jokatzen erakutsi digute, baina bizitzako termometroetako bat da dirua. Eta zenbatetan aipatzen da euskal literaturan tenperatura hori? Marka da gero! Hor ere dirurik ez? Errealitatean ez eta fikzioan ere ez? Zenbat aldiz agertu da euro hitza euskal nobelatan? Esango nuke gehiegitan ezetz. (Harkaitz Cano. Fikziozko dirua, Argia, 2008-02-24)

negozio eredua

Laster batean, horrelako irakurgailuak [Kindle] hobetzen direnean, papera izan daiteke bakarrik idazle kontsakratuen pribilegioa; besteok aprobetxa dezakegu liburuak formatu digitalean ateratzeko. Ez moldiztegiko kosturik, ez banaketakorik. Euskal Herriko argitaratzaileek pentsatu dute horrek zelan aldatuko lukeen beraien negozio eredua? Hobe dute pentsatzen hastea, hori badator-eta. Musikak ireki zuen bidea orain lau bat urte, eta orain liburuen ordua da. (Joxe Aranzabal. Liburu irakurgailu digitala, Jakin, 2008ko otsaila)

kalitatearen porrua

Euskal literaturak inoizko garairik zoragarriena bizi du, itzulpengintzan bezala sortze lanean. Zoritxarrez, aldi berean Hezkuntza Sailak irakasleoi irakurketa eragozteko Kalitatearen porrua sustatu du, irakurtzeko denbora lapurtzeaz gainera ikastetxetik literaturaren eta filosofiaren espiritua uxatu eta enpresaren kudeaketarena ezartzen baitu. (Markos Zapiain. Gara, 2008-02-16)

kanon dibertigarriak

Jende askok ekidin egiten ditu literatura on edo “goi literatura”-tzat hartzen diren liburuak, zuzenean irakurtzeko zailak eta aspergarriak izango direlakoan; eta hori, jakina, ez da beti horrela. Areago, esango nuke hori ia inoiz ez dela horrela. Zenbait deribazio abangoardista eta esperimental izan daitezke, baiki, zail, aldrebes eta aspergarriak, baina nago gutxiengoa direla, oro har zein gure literaturan. Kanona-edo (euskal nahiz ez-euskal) osatzen duten obren gehiengoa irakurterraz eta dibertigarriak direla alegia. (Beñat Sarasola. Hitz egiteko modu bat, 2008-02-11)

gainerako guztia

Gauzak dauden bezala (diru-laguntza sistema kaxkarra, sormenerako laguntza eskasa, kultura irizpiderik eza…), Durangok dakarren distortsioa onartu beste erremediorik ez dute literatura argitaletxeek, baina arazoa ez da Durango, gainerako guztia baizik. Hitz egin dezagun, beraz, benetan axola duten kontuez, txorakeriak behingoz utzita. (Joxerra Garzia. Kale motzak, Argia, 2008-02-10)

gainerakoan apartekorik ez

Jon Alonsok iaz txoko honetan bertan [Argia-Urtekaria] idatzitako artikulua aitzakia ezin hobea izan zitekeen euskal kulturari buruzko eztabaida sakona abiarazteko, baina, Alonsok kritikagai zuena (Euskadi Literatur Sariak) sintomatzat hartu beharrean, sari dontsu horien inguruko ika-mika zalapartatsu bezain antzuan agortu zen artikuluraren eragina. Hala ere, artikulu honi azken ukituak ematen ari naizela, Euskadi Literatur Sarietan aldaketak egiteko garaia ote den iragarri du Miren Azkarate sailburu andreak, eta izango da noski iragarpen horretan Jon Alonsoren artikuluaren eragina ikusi nahiko duenik ere. Gainerakoan, ez da azken urte honetan apartekorik ezer gertatu, ez behintzat gure kultur politikan norabide aldaketa iradoki dezakeenik. (Joxerra Garzia. Haizea orraztetik haizea jakitera, Argiaren Urtekaria 2007)

soziolinguistikaren mende

Ez dut uste Xabier Silveirari eta Mariasun Landari inork leporatu dienik ezer gaztelaniaz idatzi izanagatik. Nire ustez eztabaida beste bat da. Eztabaida da zeren mendean jartzen dugun literatur sorkuntza. Soziolinguistikaren mendean jarriz gero, oker ibiliko gara. Ni euskaldun berria naiz, eta hogeita sei edo hogeita zazpi urterekin hasi nintzen idazten. Horrek esan nahi al du nire umetako eta gaztetako iruditeria guztia ezin dudala euskarara pasatu? Astakeria bat da hori. Horrez gainera, Bazka-ko gogoetak muinera jo du: zer dakar euskaraz edo erdaraz idazteak? (Lutxo Egia. Gara, 2008-02-09)

irakurterraza

Azkenaldi honetan hasi dira batzuek euskal literaturan defenditzen testu literarioek irakurterrazak izan behar dutela. Zenbait idazlek, zenbait antologok, zenbait saritan ere aipatu dute hori balio gisa. Niri oso bitxia iruditzen zait. Testu bat irakurterraza edo irakurgaitza izatea ez da berez balio bat, are gutxiago balio erantsi bat, testuaren ezaugarri bat baizik. (Lutxo Egia. Gara, 2008-02-09)

karta jokoa

Euskadi Sariek literaturarekin zerikusi handia ez duen zerbait izaten jarraitzen dute. Alde horretatik, ez da ezer mugitu, baina estrategiaren aldetik aldatu da. (…) Aditzera eman nahi izan dute hemen guztiak karta berdinekin aritu direla joko honetan, baina batzuek, proposatuta egonda ere, karta horiekin jokatzeari uko egin diotela estali nahi izan dute. (…) Zazpi hautatu egotea eta hautatu guztiak ez aipatzea niri izugarria iruditzen zait. (Eider Rodriguez. Nabarra, 2008ko urtarrila)

tiraden murrizketa (2)

Nire beldurra da orain arte bezala segitzen badugu, galduz eta galduz, halako batean makina gelditu egingo dela, ez dela errentagarri izango liburuak ateratzea. Badakigu orain ere liburu batzuekin galdu egiten dela, beste batzuekin pare-edo, eta beste batzuekin irabazi. Horrela mantentzen da oreka, ozta-ozta. Ateratzen den liburu bakoitzeko galtzen bada, akabo edizioa. Puntu horretaraino iritsi gabe ere, tiraden jaisteak badu ondorio beltzik, eta ez ekonomikoak bakarrik, kulturalak ere bai. Aleen murrizketak eskaintza editoriala jaistea dakar, liburua irakurtzera emateko aukerak murriztu egiten ditu. Badago gehiago ere: bide horretatik liburu minoritarioak hil egingo lirateke, errentagarri diren liburuen bila joango liratekeelako argitaletxeak, bizi ahal izateko. (Joan Mari Torrealdai. Berria, 2008-01-29)

atomizazioa

Urtero-urtero, editorialgintzaren panorama ikusten dudanean, gogoratzen dut asko izatea gauza bat dela eta askotarikoa, plurala izatea beste bat, eta urtero bereizten ditut aniztasuna eta atomizazioa. Ba al dakizu urtero zenbat argitaratzaile egon ohi diren euskaraz? Ia 300. Hori ez da aberastasuna, hori ez da aniztasuna, hori ahuldadearen sinonimo da niretzat. Horietatik zenbat izango dira liburuak argitaratzeko sortuak, editorialak? 50 bat? Eta zenbat benetako editorial? (Joan Mari Torrealdai. Berria, 2008-01-29)

Kultura Sailean dakitena

Kultura Sailean Euskadi Sariaren antolaketetan behin baino gehiagotan akatsak izan direla badakite, eta gauza asko gertatu direla Euskadi Sarien historian, bai 1997ra arteko bere lehen ereduan, bai azken urteotakoan ere. (Fito Rodriguez, EIEko lehendakaria. Jakin, 2007ko abendua)

saria arazo

Euskadi Saria euskal kulturaren arazoa da. Eta Utikan manifestuaren sinatzaileak galdu behar ez ditugun neurri berean, ez dut uste Euskadi Sari erabat duina eta erabat aintzat hartua izateko aukera ere galdutzat eman behar dugunik. Gure literaturak Nazio Saria behar du. Denontzat agurgarria eta onargarria, oraingo honetan, bistan da, Euskadi Saria izan ez dena. (Fito Rodriguez, EIEko lehendakaria. Jakin, 2007ko abendua)

denontzat

Euskadi Sariak idazle horien [Utikan manifestuaren sinatzaileen] partaidetasuna, era batekoa nahiz bestekoa, aktiboa zein pasiboa, galtzea, izugarrizko galera da denontzat, Kultura Sailarentzat eta Idazleen Elkartearentzat ez ezik, Euskal Herriko kultura talde, argitaletxe, literaturazale guztientzat, eta, hitz batez, euskal hiztunon komunitate osoarentzat. (Fito Rodriguez, EIEko lehendakaria. Jakin, 2007ko abendua)

porrotaren etekinez

Garaipen pirrikoa esan ordez porrot pirrikoa esan bageneza, honela definituko nuke “Euskadi Sariak Utikan” ekimenaren afera. Hau da, lehen balorazio batean ekimenak porrot egin zuen arren, baliteke etekinik ematea luzera. (Laura Mintegi. Euskadi Sariak utikan edo hemendikan, Jakin, 2007ko abendua)

gutarrismoa

Hasierako 29 kideei bakarrik beste 8 batu zitzaizkien, eta denok dakigu askoz ere idazle eta itzultzaile gehiago direla oso kritikoak Euskadi Sariekin. Atxikimendu gehiago egon ez bazen, ez zen izan idazleak kokildu zirelako, baizik eta manifestua bera eta berau bideratzeko prozesu osoa zakarra, sektarioa eta gutarrismoak jota izan zirelako. Bestalde, manifestuaren sinatzaileen oso-oso ingurukoa saritua izateak, eta sariari uko ez egiteak ere, ez dio lagundu ekimenari. (Laura Mintegi. Euskadi Sariak utikan edo hemendikan, Jakin, 2007ko abendua)

identifikazioa

Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratzen dituzten argitaletxeetako ordezkariek batera hartzen dute, Frankfurteko azokan, euskal editoreen erakusleihoa. Euskara hutsez argitaratzen duen argitaletxe gutxi dago Euskal Herrian. Baina nago garrantzitsua dela euskarazko ekoizpena bereiztea. Gaztelaniaren filtrotik derrigorrez ez pasatu behar izatea. Frankfurten, egin behar izatekotan, alemanez eta euskaraz bakarrik egin ahal izatea. Identifikazioa, hori dela garrantzitsuena azpimarratu dute katalanek. Hori dela modu bakarra Europan onartuak izateko. Euskal kultura eta euskal literatura, zerekin identifikatzen dute Frankfurten? (Alberto Barandiaran. Frankfurteko lezioa, Jakin, 2007ko abendua)

sistema para-polizial bat

SGAEko eta CEDROko bazkidea naiz (euskal idazle asko bezala), baina kontraesan asko ikusten dizkiot bai nire ikus-entzunezko eskubideak gestionatzen dituen enpresa pribatu baten ia erabateko monopolioari, baita neure bazkidetzari ere. Besteak beste, gure obren erabileraren kontrol-zailtasunak ezin duelako gure eskubideen zaintza kontrol demokratikorik gabeko sistema para-polizial baten esku utzi.(…) Baina SGAEren kontra egotea eta kanonaren kontra egotea ez dira gauza bera, ezin dira berdindu. Kanonaren defentsak ere ez dakar, derrigorrez, SGAEren defentsa. Irudipena dut demagogia handia baliatu dela –baliatzen dela– auzian. (Anjel Lertxundi. Kanona (oharrak), Hitz beste, 2007-12-29)

piratak

Espainiako Legebiltzarrean izan den obra artistikoen kanonari buruzko eztabaida kokatzeko, pasadizo historiko bat etorri zaio burura: handi-mandi bat –Alexandro Handia zela uste du– kontu eske zorrotza egiten ari zaio harrapatu berri duen pirata bati: zergatik egiten den hurkoen ondasunen jabe, zergatik ez duen besteen izerdiak ondutako lana errespetatzen. Eta piratak: “Ontzi bakarra dudalako naiz pirata. Asko banitu, konkistatzailea nintzateke, zu bezala”. Baliteke pirata libre utzi izana ere bere erantzun ausartagatik. Edo garai hartan ere izango baitziren papiroen edo zitara-emanaldien zergak biltzen zituzten SGAE edo CEDRO gisako erakundeak, erakundeon ziegetara kondenatuko zuen. (Anjel Lertxundi. Kanona, Berria, 2007-12-27)

logika

Pentsatzekoa zen [Utikan Euskadi Sariak] manifestuaren ondoren gehixeago zainduko zirela besterik ez bada hainbat alderdi, neurri batean zaratatsuak isilarazteko, diot. Ikusi dugu. Koldo Izagirrek salatu zuen aurrena prentsan, Jon Alonsok gero. Txikikeria formal bat, logikaren erakusgarri baina. Haur eta Gazte Literaturan aukeratuak izan zirela jakinarazi zitzaien. Jaurlaritzak, bi hilabeteotan, ez du zuzendu ez onartu enegarrena, Helduen kategoriari zegozkiola izendapenak. Bestalde, publikoki uko egin eta hala ere hautatu egin zituztela? “Uko egiten segitzen baduzu, pultsa 1. Bestela, pultsa 2”. (Iñigo Aranbarri. Telefono gakotua, Argia, 2007-12-23)

leku egokian kokatu

Nik uste dut ez zaiela inportantzia handiegia eman behar Euskadi sariei, baina jendearen aurreko pasaportea dira. Puztu egiten dute bat Euskadi sariek, Garcia Marquez bazina bezala ateratzen zara sariaren ondoren. Gero errealitatea diferentea da. Gure literatura den bezalakoa da. Baina horretan jokatzen duzu edo ez duzu jokatzen. Niri ez jokatzea ongi iruditzen zait, koherentea izanez gero horrekin. Okerrena izaten da, “igual ez naiz aurkeztuko eta igual bai, orain ez naiz aurkeztuko eta orain bai” eta horrelako kontuak. (…) Bakoitzak egin behar du bere ariketa eta dagokion lekuan kokatu. Agian, gure lekua ez da guk uste genuena. Beharbada, ez gara hain onak, eta puztuta, ametsetan bizi izan gara eta, beharbada, errealitatea askoz gogorragoa da. Nik umildade ariketa bat eskatuko nieke idazle guztiei. (Felipe Juaristi. Berria, 2007-12-16)

urrezko sinboloa

Nik uste dut euskal literatura momentu honetan urrezko momentua bizitzen ari dela. Lau belaunaldi ari gara batera idazten, eta hori ez da sekula gertatu. Idazle gazte on asko ari dira agertzen. (…) Nire kezka da zer geratuko den hemendik 20 urtera orain egiten edo idazten ari garen honetatik guztitik. Nire etsipena dator literaturan ez dagoelako erantzunik. Argitaletxe ahaltsuak daude, idazle asko dago, baina irakurleak baditugu? Eta gizarteak onartzen du euskal literatura? Ez ote da euskal literatura sinbolo bat? Benetan sentitzen da? Geure egin dugu? Ez euskaldunok bakarrik, baizik eta erdaldunek onartzen dute euskal literatura? Gizarteak onartzen ez duen bitartean literatura bat, hori baztertua izango da, nahiz eta munduko laguntza guztia eduki. (Felipe Juaristi. Berria, 2007-12-16)

bizkar eman

Ahots batzuk jasota daude aspaldian, Durangokoak euskarazko produktuen biltoki soil izan behar lukeela esanez. Jakina, hori diotenak, euskarazko gaiak argitaratzen dituzten egile eta argitaletxeetakoak dira. Hauek nekez ulertzen dute Antonio Alvarez Solis bezalako bat, pareko standean, sinadurak ematen ikustea, esaterako. Baina ni ez nago oso segur. Berandutxo da Durangokoari buelta ematen hasteko. Durangokoak bere bide propioa daroa, merkatuak eta jendeak ezarian agintzen diotena: Gabonetarako opariak, argazkiz jositako liburu mutuak, liburua eta diskoa ez diren produktuak, kalendrera eta zozketak… Ematen du, azkenean, literaturaren eta liburuaren izenean jasotakoak, literaturari eman nahi diola bizkar, urtetik urtera handituz doan lotsagabekeriaz. (…) Euskarazko literaturaren azoka bat egitea lortuko balitz, orduan bai harremana irakurle eta idazleen artean, orduan bai egoeraren tamaina benetakoa. Baina nahi al du hori benetan ikusi baten batek? (Hasier Etxeberria. Biharamuna, El Mundo, 2007-12-15)

Durangoko merkatua

Batzuetan ahazten zaigu, baina Durangokoa merkatu bat da, hots, salerosketa gune handi bat, zeinaren erlazioa literaturarekin nahikoa zeharkakoa baita, sari, kritika edo balnearioenaren antzekoa; Elkar bezalako enpresa batek okupatzen duen espazioa (eta azokaren norabidean daukan eragina) gogoan hartzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. (Iban Zaldua. Hamaika topiko Durangoko, El Pais, 2007-12-10)

eskupekoak

Normalean askoz ere iraupen luzeagoa dute euskal liburuek dendetan beste liburuek baino. Ez dakiguna da noiz arte gertatuko den horrela, ze liburugintzako zenbait eragile prest baldin badago dendariari ordainduz beren liburuen presentzia ziurtatzeko, ezin dugu lasaitu esanez ez doala halakorik gurekin. Gaur egun dendariak aukeratu egiten ditu zein liburu bai eta zein ez onartu bere saltokian. Beraz, gauzak ez daude lasai ibiltzeko. (Iñaki Aldekoa. Argia, 2007-12-09)

aparteko azoka

Uste dut kaltegarria izango litzatekeela aparteko azoka egitea euskarazkoentzat bakarrik, euskarazko liburua erosten duenak erdarazkoa ere erosten duelako, eta alderantziz. Muga zainduko nuke, euskal gaia izatea alegia. Beste kontu bat hori mugatzea da: zer da euskal gaia? (Inazio Mujika. Argia, 2007-12-09)

bizikidetza

Nik uste euskarazkoentzat beste azoka bat eskatzea ez litzatekeela onerako, eta erdarazkoak gure artetik uxatzea ere ez; gizartean ez bezalako bizikidetza bilatuko nuke, euskarak egiazko lehentasuna izango duena; baina horren ardura ezin diogu Gerediagari bakarrik leporatu: sortzaileok eta editoreok indarra eta kemena erakutsi beharko genuke. (Xabier Mendiguren. Argia, 2007-12-09)

diskriminazioa

Zaila zait baieztatzea beharrezkoa ote den ala ez [euskara hutsezko azoka], izan ere, arestian aipatu bezala, gure sistema editoriala honela finkatuta dago eta ausardia handia behar da hori aldatzeko. Horretan al gaude? Beharrezkoa da euskarazko produkzioa bermatzea, Azokan eta hortik kanpo. Hori diskriminazio positiboaren bidez baino ez daiteke egin. Hala, gizarteak presio egin behar du administraziotik hasi eta argitaletxe edota Gerediaga bezalako elkarteetan euskararen aldeko neurriak indarrean egon daitezen eta berriak sor daitezen. (Mikel Soto. Argia, 2007-12-09)

Durangoko sasitza

Idazten duen liburu bakoitza lore bat izaten da idazlearentzat. Lore eder bat, lorerik ahalik eta ederrena, bere senetik eta abildadetik sortua. Editorearentzat ere bai: saiatzen da idazleak ekarritako lore horri hosto zimelen bat kendu eta ihintzez bustia balego bezala agertzen. Orduan, zergatik nagusitzen zaio irakurleari Durangon, liburu guztiak elkarren ondoan ikusitakoan, lorategia baten aurrean baino, sasitza baten parean egotearen irudipena? Narratibaren kasuan gertatzen da hori bereziki: hainbeste lore, bata bestearen ondoan jarrita, baina sasiaren irudia nagusi, hala ere. Zergatik eta nola gertatzen zaigu hori? (Hasier Etxeberria. Alua mundua!, 2007-12-07)

erraldoiak

Lehengo batean, ni ez bainaiz hirira askotan joaten, liburudenda erraldoi horietako batean izan nintzen. Ikaratuta gelditu nintzen han zegoen liburu-mendiez. Literatura liburuez soilik ari naiz, ez besterik. Gehiago ikaratu ninduen, ordea, zer literatura klase zegoen ikusteak: best-sellerrak best-sellerren gainean, sabairainoko sumendiak eginez. Banekien nola gabiltzan, egia, baina ez nuen uste hainbesterainokoa zenik. (Karlos Linazasoro. Irakurleak, El Diario Vasco, 2007-12-01)

irensleak

Ez zaizkit gustatzen liburua hasi eta buka irensten duten irakurleak. Nondik sortu ote da moda aberrante hori? Nork irensten du Errioxako botila ardoa oso-osorik arnasik ere hartu gabe? Eta beste irakurle mota hau ere ugari dago egun, zoritxarrez: ulertzen diren liburuak aukeratzen dituztenak; alegia, batere ahalegin edo nekerik gabe irensten diren liburuak. (Karlos Linazasoro. Irakurleak, El Diario Vasco, 2007-12-01)

gainbalio patriotikoa

Uste dut aurki konturatuko dela jendea literatura-itzultzailearen balioaz: literatura-itzultzaileak (onak) goseak edo etsiak hilda desagertzen direnean, hain zuzen. Gauza ageria da gainbalio patriotikoa dela, nahita zein gogoz bestera, oraingo idazleen gainbalio nagusia, eta horregatik ematen zaiela halako prentsa-hots hipokrita, beren obren berezko balio eta balioespena gorabehera. Haren aldean, paria hutsa da itzultzailea, kontrabandista apatrida bat, nazioaren ohorea gizentzeko ezdeusa. (Juan Garzia. Volgako Batelariak, 2007-11-28)

tiraden murrizketa (1)

Gertatzen dena da gurean ehun galtzea eta espainolez mila galtzea ez dela gauza bera. Ziurrenik gurean ehun galtzeak inportantzia handiagoa du. Zergatik? Bada errentagarritasuna dagoelako jokoan. Liburu askorekin gertatzen da defizitarioak direla abiapuntuan bertan. Denak defizitario bihurtzen badira, ezingo da ediziorik egin. Momentu batetik aurrera edo prezioa izugarri igotzen da edo edizioak erabat subentzionatzen dira, baina edizio sano bat nahi badugu, tiraden beheranzko joera horrek geratu beharra dauka. Bestela edizioa ezinezko bihurtuko da. (Joan Mari Torrealdai. Berria, 2007-11-28)

erosketak eta subentzioak

[Eusko Jaurlaritzaren] laguntza hori liburutegiak hornitzeko sistema ona da, baina ez edizioak indartzeko. Filtro batzuk jarri beharko lirateke. Titulua da darabilten kriterio bakarra, baina titulu horien kalitatea ez da aintzat hartzen. Gero liburu hori hurrengo egunean ez duzu inon zabalduta ikusten, Jaurlaritzak hornitzen dituen liburutegietan ez besterik. Horrek ez du balio kultural handirik. Bestelako laguntzak behar dira, edozein enpresatan planteatzen direnen modukoak. Kontsumoa areagotzeko sustapen bide sendoak markatu behar dira. Hori guztia liburuari laguntzea da. Ale batzuk erostearekin ez da nahikoa. (Joan Mari Torrealdai. Berria, 2007-11-28)

antzerkiko esku beltza

Ihes betea-k ez du, ez, Euskadi Saria eskuratu. C’est dur de deniver le devenir, zeren, Lertxundiren lan honi onena irizten ez badiot ere, ez bailuke, ene ustez, paper txarrik jokatuko sarien antzerki honetan. Balbeak, ala esku beltz batek, ez dio nobela horri ezta finalisten artean egoteko bidea ere eman, horrela, finalista izateari uko eginez, irabazle morala edo, gutxienez, aieruzkoa bilakatu ahal izateko. (Angel Erro. Kaka azaltzen (once again), Gara, 2007-11-24)

gerra trofeoa

Niri [zalantza] batzuk sortzen hasi zaizkit: ez ote duen inork pentsatzen Miren Azkaratek (herself in person) amore eman (behar izan) duela, eta aurtengo Euskadi Saria, euskal letren idazle lokabeenari emana, gerra trofeo bat dela, orain artekoak otzantasun ikurrak izan omen ziren bezala. (Angel Erro. Kaka azaltzen (once again), Gara, 2007-11-24)

ohar ikurrezkoa. Ikus sari emaileen ikurra sarrera (2007-11-22) Hiztegi honetan bertan.

identifikazio politikoa

Sari batzuk jasotzeak onura ekar diezaioke sarituari eta, beste batzuetan, “larriki zauritua” izaten da omendua, mozkina baino gehiago kaltea dakarkiolako; emaileekiko identifikazio politikoak ibilbide koherente bati orban garbiezina ezarri dio maiz. Sari “pozoindua” jasotzen denetik pertsona hori beti izango da “ez-dakit-zein-sariren-jasotzailea”. Mesederik ez, alegia. Sariaren balioa arbitrarioa da, aldabera, garaian garaikoa eta, finean, estuki lotuta dago sariaren gainean dagoen pertzepzio sozialarekin. Pertzepzioa baina, aldatu egiten da: nondik begiratzen den, nork begiratzen duen eta nora begira jartzen den. Ez dago gune neutrorik. (Laura Mintegi. Sariak eta “mea culpa”, Gara, 2007-11-22)

sari emaileen ikurra

Sari batek hari ikusezinen bidez lotzen ditu emailea eta hartzailea. Emaileak bere burua definitzen du nori eman erabakitzen duenean. Omendua bihurtzen da bere balio eskalaren sinboloa. Emaileak sariarekin adieraztera ematen du zein den bere pentsamendua, zein den proposatzen duen eredua, zeri begira jarri nahi dituen espektadoreak. (…) Hartzaileak saria jasotzean, aldiz, bere egiten ditu emailearen balioak. Ontzat ematen du epaia eta, beraz, epaiaren irizpideak. Epailearen balio eskala eta justifikazio publikoa bidezkotzat jotzen ditu, eta onartu egiten du emaileen ikurra izatea, saritu guztien zerrendakidea izango baita aurrerantzean, pieza bat gehiago sariaren irudia osatuko duen puzzlean. (Laura Mintegi. Sariak eta “mea culpa”, Gara, 2007-11-22)

ohar ikurrezkoa. Ikus gerra trofeoa sarrera (2007-11-24) Hiztegi honetan bertan.

kontzentrazioa

Argitaletxe enpresen kontzentrazioa gertatu da. Euren artean lehia gogorra zeukaten hiru argitaletxe enpresa handienak –Planeta, Enciclopedia Catalana eta Grupo 62– batu egin dira talde bakarrean. Horiek zenbait argitaletxe xurgatu zituzten aurrez. Beraz, orain egoera berri baten aurrean gaude, baina egoera honetan denbora gutxi daramagunez ezin dugu oraindik baloraziorik egin. Hala ere, ziur gaude Kataluniako ekosistema literarioan aldaketak eragiten ari dela. Adibidez, puntako autoreak hiru argitaletxe horien artean jokatzera ohituta zeuden euren lanak ahalik eta baldintza onenetan argitaratzeko. Orain autore katalanek ez dute aukerarik izango argitaletxeekin negoziatzeko. (Guillem-Jordi Graells, Katalanez idazten duten idazleen elkarteko presidentea. Berria, 2007-11-20)

editore gaiztotuak

Negoziazio bat abiatu dugu editoreekin autoreen eta itzultzaileen kontratu esparrua berriz aztertzeko. Badaramatza dagoeneko ia 20 urte indarrean [Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeak], baina gauzek asko eboluzionatu dute, eta editoreen lan egiteko modua dezente gaiztotu da: editore askok isekarako joera hartu dute. Uste dugu kontratu esparru hura berrikusi eta arau berriak jarri behar direla autoreei lan baldintza hobeak jartzeko. (Guillem-Jordi Graells, Katalanez idazten duten idazleen elkarteko presidentea. Berria, 2007-11-20)

arazo nagusia

Eusko Jaurlaritza ahalegintzen ari da Euskadi literatura sarien aferari irtenbide bat ematen. Eta ez dute aurkituko baldin eta arazo nagusia konpontzen ez badugu. Iruditzen zait, arauak direnak direla ere, beti egongo dela idazle kopuru bat kontra egingo diona. Ez dut esaten sistema hoberena hau denik, baina ez dut arrazoirik ikusten sistema guztiz hankaz gora eta zalantzatan jartzeko. (Arantxa Urretabizkaia. Aldaketa Hamasei, 2007-11-19)

saria irabazi

Sari hau egunen batean irabazi nahi dut. Nobel Saria, ez; baina Euskadi Saria, bai. (Arantxa Urretabizkaia. Aldaketa Hamasei, 2007-11-19)